Musika
Gaur, uztailak 13, jazz emanaldien saioa egingo du Arrasate Musikalen Big Bandak. Hitzordua, 22:30ean, Espoloian. Jazz klasikoko bertsioak eta funky, latin edota swing estiloko pieza modernoagoak joko dituzte.
Bergaratik irten gabe, domekan, uztailak 15, Udal Bandaren 175. urteurrenaren ospakizunekin segiko dute. hala, 12:00etan kontzertua eskainiko dute Udal pilotalekuan, eta bertan, kalez kale musikaz martxa estreinatuko dute kontzertuan zehar. Emanaldia eta gero, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan.
Antzerkia
Antzerki emanaldirik ere egongo da gurean asteburu honetan. Gaur bertan, Oñatiko Santa Ana antzokian, Lapur Zuloan antzezlana taularatuko dute Kanpingags konpainiak eta ZTP produkzioek. 22:30ean hasiko da ikuskizuna, eta bertan ikusi ahalko dira euskal aktore ezagunenetakoak, besteak beste, Joseba Apaolaza, Kontxu Odriozola, Kandido Uranga edota Ainhoa Aierbe.
Arrasaten aldiz, Ser o no ser… visible izeneko antzezlana emango dute Monterron jauregiko parkean. Cristina Carrillo aktoreak, ezkontzera doan lesbiana baten buruhausteei buruzko bakarrizketek osatzen dute ikuskizuna. Zapatuan, uztailak 14an, izango da emanaldia, 10:15ean. Eguraldi txarra egingo balu, Amaia Antzokian egingo dute.
Oñatira bueltatuz, benetan ikuskizun kuriosoa egongo da. Kalegoienan Txinako Chongqing Circus akrobatak ibiliko baitira gaur 20:30ean,
Jaiak
Antzuolako jaiei eman diete hasiera, baina zenbait auzotako jaiak ere asteburu honetan ospatuko dituzte. Hala, Arrasateko Santa Marinan, 22:00etan Scam eta 23F taldek kontzertua eskainiko dute Makatzenan. Bihar 23:00etan, Gorriti eta bere animaliak egongo dira, eta domeka eguerdian, gazpatxo eta paella lehiaketa izango dira.
Astotrastoren jaitsierarekin emango zaie hasera Oñatin gaur Trianako jaiei. Gaur, 23:00etan rock kontzertua: Governors, Xinkinkei eta Darlings Shoes. Bihar, 17:30ean, herri kirolen topaketa egongo da. Domekan, 15:00ean, herriko bazkaria egingo dute, eta arratsaldeko 18:00etan, Kiska umeendako antzerki emanaldia egogo da.
Bergaran ere Santamaiñak ospatuko dituzte. Gaur, 22:30ean, Aupa Etxebeste! emango dute Agorrosiñen. Bihar, 10:30ean Aitonetan XIX. Ibilaldi neurtua egongo da erretiratuentzat, eta 16:30ean, Aitonetan tute, mus, toka, briska, rana, bolo eta billar finalak jokatuko dira.