Aste bukaerako agenda

Usoa Agirre 2007ko ekainaren 8a

Aste bukaera ate joka dugu dagoeneko eta honakoan ere egongo da zer ikusi eta zer aukeratu Debagoienean. Hona hemen aste bukaerarako kultur agenda.

Musika

  • Barikuan, 18:30ean, Arrasate Musikaleko ikasleek kontzertua egingo dute Kulturaten. Klarinete eta saxofoi ikasleek egingo dute saioa.
  • Barikuan, 19:30etik aurrera, Arrasateko San Frantzisko elizan emanaldia egingo du Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzak.
  • Barikuan, 22:00etan, Arrasateko 3,60 aretoan, , kontzertua egingo dute Vantroi, Sioux eta Deskontrol taldeek. Sarrera 7 euro da.
  • Elgetan Espaloian, beste proposamen bat. Barikuan, 22:30etik aurrera, Hauxe ikuskizuna eskainiko dute Pettik, Txuma Murugarrenek eta Rafa Ruedak.
  • Bergarako Ziripot tabernan, disko jartzaileek bi saio egingo dituzte asteburuan. Barikuan, 23.00etatik aurrera DJ Fabelek jarriko du musika. Zapatuan, berriz Dj KRCk.

Antzerkia

  • Aramaio. Txalo taldeak Artea izeneko antzezlana egingo du barikuan kultura etxean 22:00etatik aurrera. Txirritola euskara elkarteak antolatutako emanaldia da honakoa.
  • Oñatin Kunka taldearen Meando Fuera del Tiesto antzezlana ikusteko aukera egongo da barikuan 22:30etik aurrera Santa Ana aretoan.
  • Oñatin, zapatuan, Txan magoaren emanaldia dago iragarrita Santa Anan. Laixan euskara elkarteak antolatzen duen ikuskizuna da. 17:00etatik aurrera izango da.

Erakusketak

  • Arrasaten zabalik duzue Kulturateko klaustroan Zerrajera 101 delako erakusketa, zerrajeraren mendeurrena ospatzeko antolatu dutena.
  • Harresi aretoan, berriz, Xeli Mendizabalen margoak daude ikusgai ekainaren 24ra arte.
  • Elgetako Espaloia Kafe Antzokian Justina Elexpuru margolari bergararrak bere lanak zintzilikatu ditu hilaren 27ra arte.
  • Argazkiak gustuko dituzuenondako, jakin, Bergarako Aroztegi aretoan Bergara Hiria argazki lehiaketako lanak dituzuela ikusgai. Zuri beltzeko zein koloretako argazkiak.

Ospakizunak

  • Eskoriatzan jai zapatista egingo dute zapatuan. Kale animazioa, herri bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte besteak beste.
  • Eskoriatzan zapatuan Luis Ezeiza herri eskolak jaia ospatuko du. Jolasak, herri bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte eskolako jolaslekuan.
  • Eskoriatzan, domekan, herriko hildako mendizaleen aldeko Txikirri-Txikirri VI. Mendi ibilaldia egingo dute. Proba goizeko 7etan abiatuko da herriko plazatik.
  • Debagoieneko hainbat auzotan jaiak izango dituzte. Esaterako, Antzuolako Ondarre auzoan zein Bergarako Elosu auzoan. Haur jolasak eta erromeria egingo dituzte bietan ere.
  • Arrasaten, zapatuan, ardo eta gaztaren eguna egingo dute II. urtez herriko plaza eta inguruko kaleetan. Guztira 33 upategik eta 30 gaztagilek hartuko dute parte egun berezi horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak