“Genio bizikoa, oso nerbiosoa eta histerikoa”, halaxe deskribatu du orain 27 urte Arrasateko San Viatorren bere ikasle izan zen batek Jose Angel Arregi erlijiosoa.
Ukitu ere ukitu izan zituela kontatu du: “Adibidez, gimnasioan frakak jaitsi eragiten zigun, eta behin guztioi parteak ukitu zizkigula gogoan daukat; zioen ikusi egin behar zuela “ondo eginda” ote geunden, eta danok banan-banan ukitu egin gintuen. Eta badakit, baita ere, nire ikaskide bat baino gehiago eraman izan zituela bere gelara (komentura); viatoristen fraternitateen arduraduna zen, eta horren kontura. Gero, bere gelan zer gertatzen zen ez dakit”.
Araotzeko esperimentua
Beste gertaera bat ere kontatu du Arrasateko ikasle ohi horrek: “Fraternitate ekintzen barruan, behin Araotzera eraman gintuen, eta kobazulo batera eraman eta esperimentu bat egin zuen gurekin: kobazuloan akelarreak-eta egiten zituztela kontatu ostean, beldurrak eta elkarri lotuta geundela, radiokasete batean zaratak ipintzen zituen, gure beldurra areagotzeko. Eta gerriko batekin bakoitzari kolpetxo bat eman zigun. Gero, radiokasetea kendu egin zuen, eta azaldu zigun demostrazio bat izan zela hura, beldurra erabilita umeek zela erantzuten duten erakusteko; beraz, demostratu zuen bazekiela beldurra erabilita jendea zela geldi mantendu. Nik uste dut horrexegatik ipintzen zela histeriko, umeak beldurtzeko”.
Ikasleen arteko komentarioak
Halakoak euren arteak komentatu izana ere adierazi du: “Gurasoei ez, baina gure artean bai. Ni ukitu egin nau… eta halakoak. Baina ez genuen sexu abusuen intentziorik ikusten. Umeek ez dituzte halakoak abusu moduan ikusten. Gehiago zirudien osasun helburuekin egiten zituela ukitzeak”.
Kongregazioak "bazekien"
Kongregazioaren papera ere zalantzan ipini du San Viatorreko ikasle ohiak: Erlijiosoaren karrera guztia ikusi eta gero, kongregazioak bazekien, alde batetik bestera lekualdatzen zutelako, batez ere. Jakina, bazekitela”.