Euskarazko film laburrei nazioarteko proiekzioa emango die Topaguneak

Jasone Zabala 2009ko martxoaren 4a

Joan den martitzenean aurkeztu zuten, Bilbon, Topaguneak eta haren bazkide diren euskara elkarteek euskarazko film laburren VI. zirkuitua. Bihar hasi eta apirilaren 7an amaituko den zirkuituak 47 emanaldi eskainiko ditu 46 herri eta hiritan, eta, lehenengo aldiz, Euskal Herritik kanpo ere erakutsiko ditu: Bartzelonan, Erroman, Parisen, Londresen eta Shanghain. Guztira zortzi film laburrez osatutako ordubete inguruko emanaldiak izango dira.

Debagoiendarrak

Film guztiak 2007-08an ekoiztutakoak dira. Zortzi horien artean debagoiendarrek ekoiztutako bi daude: Iban del Campo arrasatearraren Lo bakarrik eta P.D. Ondo Ibili (Yera Sanchez aretxabaletarra da egileetako bat). Besteak dira Kabia; Musika; Berde; Egiatik gezurrezko bizitzara; Poema baten irakurketa Euskal Herrian eta Bankuaren Lapurreta. Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta hura osatzen duten euskara elkarteek aukera ematen dute, besteak beste, euskarazko film laburren urteko produkzioa ezagutarazteko.

Topaguneko Kulturgintza Saileko arduradun Manuel Morenok adierazi duenez, "ekimenak gero eta harrera hobea du euskara elkarteen zein zinemagileen aldetik. Horren froga argia da urtetik urtera etengabe hazten ari den  emanaldi kopurua: aurten 47 dira, iaz baino hamar gehiago". Haietako bost, gainera, Euskal Herritik kanpo izango dira lehen aldiz; estreinaldia Erroman izango da,bihar, martxoak 5. Zirkuitua gurera martxoaren 12an helduko da, Aretxabaletara, eta Bergara, Arrasate eta Antzuolan ere eskainiko da.

Film laburren zirkuitua gurean

ARETXABALETA
Martxoak 12, 19:00etan, udaletxe zaharrean. Antolatzailea: Loramendi Euskara Elkartea.

BERGARA
Martxoak 13, 19:30ean, Zabalotegi aretoan. Antolatzailea: Jardun Euskara Elkartea.

ARRASATE
Martxoak 26, 19:00etan, Kulturaten. Antolatzailea: AED.

ANTZUOLA
Apirilak 4, 19:00etan, Torresoroan. Antolatzailea: Antzuola KB.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak