Arrasateko Birzikleta azokak oso harrera ona izan du aurten ere

Egunotan Debagoieneko hainbat herritar Mugikortasun Astean murgilduta daude; tartean, Arrasaten. Aste bukaeran hainbat ekimen izan dituzte han. Zapatuan, esaterako,birzikleta azoka jarri zuten Seber Altuben.

Arrasateko Udaleko teknikari Nerea Lazpiurrek azaldu digu pozik daudela herritarren artean azokak izandako harrerarekin. Aipatu digu saltzeke zeuden 50etik gora bizikleten erdia baino gehiago saldu zela han: "Denetarik zegoen saltzeko eta bereziki, prezio eta egoera onean zeuden umeen eta helduendako mendiko bizikletak saldu dira; normalean, azoka zabaldu bezain pronto saltzen dira produktu horiek. Erakusgai zeuden bospasei patineteak ere azkar saldu ziren. Gakoa prezio erakargarria jartzean dago".

Segway eta auto hibridoak

Biteri plazan, berriz, segway zirkuitua eta emisio txikiko ibilgailuen erakusketa egon zen. Jende nahiko hurbildu zen haraino egun guztian zehar. Aurreko urtean bezala, segway zirkuitutik gazteak ibili ziren bereziki. Mugitzeko beste era bat izeneko erakusketa horretan, besteak beste, Toyota, Chrevrolet edo Ford etxeetako auto hibrido, elektriko edo bioetanolaz dabiltzanak ikusteko aukera egon zen.

Ehun lagunetik gora

Gaur goizean, Eskoriatza-Arrasate-Eskoriatza bizikletan martxan ehun lagunetik gora parte hartu dute. Eskoriatzarrek, aretxabaletarrek eta arrasatearrek bat egin dute  horretan. Jarraian, Arrasaten, Iñaki Matas antzuolarrak Barreras ikuskizuna eskaini du. Irisgarritasuna landu zuen horretan.

Bestalde, Eskoriatzan, Mugikortasun Astearen barruan zapatuan aurreikusita zegoen Erreka Eguna bertan behera utzi behar izan zuten, eguraldi txarragatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.