Arrasate-Oñati lasterketa, zapatuan 17:00etan

Xabier Urtzelai 2010eko urriaren 8a

Lasterketaren etorkizuna kolokan egon eta gero, Oñatiko Antxintxiketan taldeak hartu du orain arte euskara elkarteek antolatu duten lasterketa, eta kirol hitzorduarekin aurrera egiteko Arrasate Atletikoko taldekideen laguntza ere izango dute. Hala, bihar, zapatua, 17:00etan hasiko dute lasterketa, Portaloian. Egunean bertan egongo da izena emateko aukera.

Bihar, zapatua, 17:00etan hasita –Portaloian–  atletek 11,7 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik: "Adi Elorregira bidean larregi estutzearekin, horra fresko iristea komeni da haraino aldapa behera joango garelako; handik Oñatira malda handirik ez badago ere nekagarria da, bideak etengabe egiten du gora", ohartarazi digu Antxintxiketan taldeko Asier Osinaga oñatiarrak.
Internetez izena eman ez duzuen atletok jakin bihar ere izango duzuela horretarako aukera: "Oñatin 15:45era arte egongo gara izenak hartzen, eta Arrasateko Portaloian 16:30ak arte (izenematea 15 eurokoa da, autobus zerbitzua erabiltzen duenak 17 euro). Hala, autobusa egongo da proba aurretik Oñatitik Arrasatera joateko, eta proba amaieran Arrasatera itzultzeko.

Euskaraz, berdin-berdin
Arrasate-Oñati lasterketa Jantzi kirola euskaraz lelopean egin izan da urte askoan, Aurreratu moduan, euskara elkarteek antolatzen zuten lasterketa atletismo taldeek antolatuko dute orain: "Orain euskara aldarrikatzeko hitzordu baino kirol hitzordu bilakatuko da, baina taldean euskaraz jarduteko konpromisoa dugu, eta proba egunean ere horretan ahaleginduko gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak