Arrasate eta Elorrioko lanekin laster hasiko dira

Jasone Zabala 2009ko martxoaren 20a

Adif enpresak abiadura handiko trenaren Arrasate-Elorrio zatiko lanak hasi dituela adierazi zuen martitzenean banatu zuen prentsa oharrean. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkideagoan duen ordezkari Mikel Cabiecesek adierazi zuen albiste ezin hobea dela Arrasate eta Elorrio zatiko lanak hastea; baina gauza da, oraindik ez direla lan horiekin hasi; orain arte egin duten bakarra izan da zuhaitzak moztu, lurra mugitu eta bide zubia egingo duten zati horretako hainbat puntutan eremuak markatu. Ildo horretatik, AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elortzak adierazi digunez, lan horiek ez dira hasi, oraindik hasteko baimenik ez dutelako, azkeneko akta sinadura egin gabe dagoelako oraindik; hau da, AHT- a egiteko makinak sartu behar dira lurretara, baina makinak lur horietara sartzeko kaltetuen baimen hori behar dute.

 

Akta sinadura

Horrela, akta sinadura, datorren asteazkenean, martxoak 25, egingo da. "Jokabide horrekin lortzen dutena da kaltetuak direnak gehiago beldurtzea eta modu batez presionatzea", adierazi du Elortzak. Cabiecesek zentzu horretan prentsa oharrean adierazten zuen gizartearen parte handi bat AHT-aren alde dagoela eta lanek aurrera jarraitzen dutela– nahiz eta oraindik ez diren hasi.

Ia dena lur azpitik

Arrasate-Elorrio zatiak 4,4 kilometroko luzera izango du eta Arrasate eta Elorrio eta Aramaio zeharkatuko ditu; tarte guzti horren %81,6 bi tunelek zeharkatuko dute. Bidearen zati horretan mendebaldeko eta ekialdeko adarrak banatuko dira, Donostiarako eta Bilborako bideak, hain zuzen ere. Zati horretan aipatu daitezke, besteak beste Kobaten egingo duten bide zubia eta Udalaitzen egingo duten (3.185 metroko luzera) tunela. Bestalde, aipatu pasa den astean hasi zituztela Aramaio eta Eskoriatza zatiko lanak –Induspeko tunela–. Eskoriatzako Mazmela auzotik Aramaiora bitartean egingo dute tunela, eta 5,58 kilometroko luzera izango du eta hiru bide zubi izango ditu. Induspekoa bi bideko tunela izango da. Horrez gain, GI-3343 errepidearen, Zarimutzen eta Uriarteren gaineko bide zubi bana eta bi noranzko tunelak: Uruburu-1, Uruburu-2, Mazmela eta Induspe. Horrez gain. Aramaion trena geldi egoteko postu bat (PAET) egitea ere aurreikusita dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak