Arrasate eta Antzuola Udaberri txapelketako finalean garaile izan dira

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko apirilaren 13a

Udaberri txapelketako bi txapela geratu dira ibarrean: lehenengo mailan, arrasatearrentzat izan zen garaipena eta bigarren mailan, Antzuolakoak Eskoriatzakoak baino gehiago izan ziren. Arrasateko Agirre-Uribarren bikoteak 19-22 irabazi zuen Añorgaren aurka.

Lehenengo mailakoen arteko partidua atzoko hirugarren lehia izan zen. 12:00ak pasa ekin zuten Agirre eta Uribarren arrasatearrek eta Añorgako bikoteak norgehiagoka.
Txanpona gorri atera zen eta lehenengo sakea Añorgako pilotariek egin zuten. Lehenengo tantoa, ostera, arrasatearrentzat izan zen. Bergarako pilotalekuan ez zen zale asko bildu; hala ere, Uribarrenek eta Agirrek "Uri-Txiribi Arrasatera Udaberri" jartzen zuen aldeko pankarta zeukaten.
2-4 aurreratu ziren Agirre eta Uribarren bikote urdina Bergarako pilotalekuko markagailuan. Gero, Añorgako bikoteak 5-4 aurre hartzea lortu zuen. Baina, hori izan zen bikote gorria markagailuan aurretik jarri zen une bakarra.
Norgehiagoka oso luzea izan zen; eta, orokorrean ez zen ikusteko partidu polita izan. Atzean ondo eutsi zuen Uribarrenek eta Agirrek ere, atzeko koadroetara bota zituen pilota asko.
Lau puntuko aldearekin iritsi ziren urdinak 11. tantora. Gero, Añorgakoek aldea txikitzea lortu zuten eta 16-17 eta 17-18 urreratu ziren markagailuan. Azkeneko tantoetan, baina, Arrasatekoak hobeto ibili ziren eta 17-21 jarri ziren markagailuan. Agirrek azkeneko sakea atera zuenean Bergarako pilotalekuko ikusleek txalo egin zuten. Mauri Zubillaga entrenatzaileak, aulkitik "lotsatu barik" jokatzeko eskatzen zien bere pilotariei. Añorgakoek beste tanto bat egin zuten partidua amaitu aurretik. Azken emaitza 19-22 izan zen.

Antzuola-Eskoriatza

Bigarren mailan, ibarreko bi taldek jokatu zuten elkarren aurka: Antzuolako Olaldek eta Eskoriatzak. "Hasieratan kostatu egin zaigu partiduan sartzea baina behin erritmoa hartu dugunean ondo jokatu dugu", esan zuen Olalde elkarteko Biterik partidu amaieran. Muruamendiaraz eta Biteri 22-13 nagusitu ziren Gracia eta Oyonen aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak