Arrakasta txikia izan du ibarreko taxi-gidarien artean Radio Taxi sistema berriak

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ots. 7a, 20:22
Bi hilabete bete dira Gipuzkoan Radio Taxi sistema berria indarrean jarri zutela. Debagoienean 38 taxi-gidarik izan dute sistema horretan sartzeko aukera, baina 10 besterik ez dira sartu.

Azken urteotan aldaketa handiak egon dira taxi zerbitzuan. Lehenik, tarifen bateratzea etorri zen. Ondotik, lurraldea eskualdeka antolatzea. Orain, Gipuzkoarako arreta telefono bakarra jarri dute martxan, 943-400 500 telefono zenbakia, hain zuzen ere.

    Debagoienean ez du arrakasta handirik izan. 38 taxi-gidarik izan dute Radio Taxi delako sisteman sartzeko aukera eta 10 besterik ez dira sartu. Pegerto Blanco da horietako bat. Doan ipini diote GPSa duen aparailua. Funtzionamendua sinplea da. Erabiltzaile batek Gipuzkoako telefono bakarrera deitzen duenean Donostiako zentralean erantzuten dute deia. Momentuan jakiten du bezeroak gertuen dagoen taxia non dagoen eta zerbitzua zenbat ordaindu beharko duen. Sistema hori ezarri duten taxi-gidariek diote bezeroari zerbitzu hobeagoa ematea dutela helburu.

    Pegerto Blancok argi dauka hasieran gutxi batzuk besterik ez badira ere, denboraren poderioz lankide gehiagok egingo dutela bat Radio Taxi sistemarekin. "Ustea dut gauzak hobera egingo dutela", esan du. "Zerbitzuak hobera egiten duen heinean taxi-gidariak sistema berrian sartzen joango dira. Gidarien sektore nahiko handi batek ez du lana gainerakoekin konpartitu nahi. Berdina gertatu zaigu beste batzuetan ere, eskualdekako banaketa ezarri genuenean, esaterako. Honakoan ere gauza bera bertatuko da. Baina poliki poliki".

Hamar taxi sistema berriarekin
Kontuak kontu, Debagoienean oso taxi-gidari gutxik egin dute bat sistema berriarekin. Arrasaten bost dira, Bergaran 4 eta Eskoriatzan bakarra. Gureko 28 taxi-gidarik orain arte moduan jarraitzea erabaki dute. Zergatik? Taxi-gidari horiek diote ez dutela ideia txarra denik uste, baina informazio eza salatu dute.

    Donostiako Vallina taxi enpresak kudeatzen du telefono bakarra eta ez zaie ondo iruditzen konpetentziak euren lana kontrolatzea. Gure eskualdearen ezaugarriak ere bereziak direla esan dute. Enpresekin egiten omen dute lan gehienbat. Oso gutxi egiten omen dute lan bestelako bezeroekin. Ez zaie, beraz, errentagarri irteten Radio Taxi sistemak eskatzen duen 24 orduko zerbitzua eskaintzea. GPS aparailuak duen 35 euroko mantenu gastua ordaintzeko beste ez omen dute ateratzen sistema berriak ematen duen lanarekin.

    Debagoieneko taxi gidariek onartzen dute egun Debagoienean herritarrei eskaintzen zaien taxi zerbitzua eskasa dela eta irtenbide zaila ikusten diote egoerari. Eskualdearen ezaugarriak ikusita zaila ikusten dute zerbitzu ona eta aldi berean errentagarria, biak batera ondo uztartzea.

Sistema berrian sartu direnak
                        Taxi lizentziak    Sistema berrian
  
Bergara                        14                 4
Arrasate                       11                 5
Oñati                             6                 0
Aretxabaleta                   3                 0
Eskoriatza                      2                 1
Antzuola                        2                  0
Aramaio                         1                0
Elgeta                            0                0

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak