Arizmendiarrieta santu egin dezaketen agiriak, Vaticanorako bidean

Jon Berezibar 2009ko mai. 7a, 12:08
Orain dela hiru urte hasitako lanak dagoeneko lehen fasea gainditu eta Erromarako bidean ipiniko dituzte Jose Maria Arizmendiarrieta apaiza kanoniza dezaketen dokumentuak. 2006an talde bultzatzaileak haren bizitza, lana eta teologia dokumentatzeko prozesua abiatu zuten eta atzo Donostiako Artzai Onaren elizan Uriarte Gotzainaren bermea jaso zuten agiriek. Moja bat, Carmen Perez, arduratuko da orain 3000 orri baino gehiagoko lana Vaticanora eroateaz, hala, kanonizazio prozesuko fase erromatarra hasiko da.

Atzo arratsaldean Donostiako Artzai Onaren elizan elizbarrutiko fasea deritzona itxi zen. 2006an Jose Maria Arizmendiarrieta aldareetara igotzeko talde sustatzaileak lekukotzak eta dokumentazioa pilatzen hasi ziren. Arrasateko apaiz eta kooperatibismoaren fundatzaile izan zenaren kristau-bertuteak, bizitza, lana eta teologia jaso dute agirietan. Zeremonia berezian Gotzainak berak agiriok egiaztatu eta haren bermea emanda, Vaticanora bidaltzeko notarioaren aurrean lakrez itxi zituzten kaxetan. Kanonizazioak, ostera, urteak itxaron beharko ditu. Gotzainak berak adierazi moduan elizkizunera "gerturaturiko gazteenek ikusiko dute", ziur aski. Leintzaldetik 6 autobus joan ziren atzo Donostiara, 350 bat lagun, tartean Arizmendiarrieta beraren senideak. Markel Olano Aldun Nagusia, Javier Retegi edota Juan Mari Apraiz (Arrasateko EAJ) izan ziren karguen artean.

Elizkizun berezian, uneoro izan zen presente Arizmendiarrietaren figura, bai aipamenetan zein haren omenez aldarean ipinitako argazki handi batekin. Irudiaren aurrean haren santu izaera aldarrika dezaketen agiriak egon ziren uneoro ere. Agiriok guztira apaizaren obraren 38 lekukoren testigantzak jasotzen ditu, haren idatzi eta teologia azaltzen duten dokumentuekin batera. 3.000 orri dira guztira.

Aitzitik, atzo itxiera eman zitzaion fase hori hamarkadaz luza daitekeen prozesu baten lehen zatia besterik ez da. Erroman jarraituko du ibilbideak eta han ea Arizmendiarrieta beneragarri den esan beharko dute zenbait bertute bete dituelako. Santu izateko bidean mirariak beharrezkoak dira, hala ere. Momentuz, ez da ezagutzen Arizmendiarrietak mirakulurik egin zuenik. Mirari bat frogatuz gero dohatsu edo beato izendatuko lukete eta bigarren batedkin, orduan, santu. Dokumentuetan jasotzen da haren lana, baina ez dira oraindik publiko. Elizkizunean bertan Uriarte Gotzaiak "errealitate ezohikoa" dela Arizmendiarrieta, ordena erlijiosorik sortu ez arren, "bizitza pastoral eredugarria" izan zuela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak