Arizmendi Dragons Tau Baskonia konferentziako txapelduna

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 30a

Atzo jokatu zuten Arizmendi Dragons taldekoek finala Diocesanas taldearen kantxan. Nagusitu egin ziren, eta ipar zonako finalerako sailkatu dira. Urtzi Amiano taldeko arduradunak adierazi zigun moduan "izugarria, zirraragarria" izan zen partidua.

 

Partidu hasiera indartsua

Partida, indartsu hasi zuten Arizmendiko mutilek; lehen bi minutuetan 6 eta 0eko partziala egin zien gasteiztarrei eta bigarren laurdena bukatzerakoan 32 eta 10 ziren aurretik. Baina gauzak nola diren, bigarren zatiaren hasieran, 10 puntutara hurbildu zitzaizkien Diocesanaseko mutilak, 39 eta 29, hain zuzen ere.

Tentsio handiko minutua

Partida bukatzeko minutu bat falta zela hasi zen benetako partida Gasteizen; Arizmendiko herensugeak puntu bakarreko abantaila zuten, eta baloiaren jabetza Diocesenasekoen esku zegoen; momentu horretan, erakutsi zuten Arizmendiko mutilek benetako momentuetan nerbioak alde batera uzten dituztela. Horrela, baloiaren jabetza berreskuratu eta minutu bakarrean, berriz ere abantaila ateratzeko gauza izan ziren, eta beste bost puntu gehiago lortu zituzten, alegia.
Partidu amaieran Amiano oso pozik azaldu zen lortutakoarekin: "Benetan goraipatzekoa da Arizmendiko mutilek finalean erakutsitako gogo eta kemena", adierazi zuen. Modu horretan, pasa den urtean Arizmendiko neskek finalean lortu ez zuten garaipena eskaini zieten mutilek finala irabazita.

Taldeko lanaren emaitza

Series Colegiales, ACBko saskibaloi klubek antolatzen duten gazte mailako txapelketa da. Joan den urtean neskek ez zuten finala irabazterik izan, baina aurten, Arizmendi Dragons taldeko mutilek aukera izango dute iparraldeko konferentziakoen aurka jokatzeko.
Amaitzeko Urtzi Amianok adierazi zuen "ezinezkoa izango litzateke horrelako lorpen hau Ointxe! eta Eskoriatzako Kirol Elkarteen formakuntza lanik gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak