Arizmendi Dragons laugarren postuarekin itzuli da Madrildik

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko apirilaren 5a

Arizmendi Dragons saskibaloi taldea laugarren postuarekin itzuli da Madrilen jokatutako lauko finaletik. Arizmendikoek ez dute zorte ona izan jokatutako partiduetan; bada, jokatutako bi partiduak galdu dituzte.

Zapatuan finalerdiak jokatu zituzten Madrilgo Antonio Magariños kiroldegian: Arizmendik Santamarcaren (Real Madrilen ordezkaria) aurka, eta San Estanislaok (Unicajako ordezkaria) Badalonesen aurka (DKV Joventuteko ordezkaria).
Finalerdian Arizmendiko mutilek ez zuten zorterik izan. Gorka Gabilondo Arizmendi kirol elkarteko arduradunak azaldu du partidua "oso gogorra" izan zela. Arizmendikoak ondo hasi ziren: "Lehenengo bi laurdenak nahiko parekatuak izan dira baina gero ezin izan dugu erritmoa eutsi", dio Gabilondok.
Lehenengo laurdenean jokoaren erritmoa ondo eutsi zuten Arizmendikoek; hala, zazpi puntu arretik egotea ere lortu zuten, baina gero aldea murriztu egin zen.  Arizmendikoek bi pibotekin jokatu zuten, eta esan behar da lehia leher eginda amaitu zutela. Gabilondok dio "gasolina gabe" geratu zela taldea. Aldagelatik bueltan partiduaren norabidea ez zen aldatu; hala, tartea handitu egin zen.

18 puntuko tartea

Hirugarren laurdenean Santamarcak 18 puntuko aldea atera zion Arizmendiri eta hor amaitu zen debagoiendarren ametsa.
Gabilondok azpimarratu du asko nabaritu zutela Ander Atxaren falta. Gainera, Martxelek orain dela lau aste izandako lesioaren ondoren jokatzeko aukera izan zuen, baina entrenamendu falta igarri zitzaion.

4. postua

Zapatuko finalerdia galduta, Arizmendik San Estanislaoren aurka jokatu zuen atzo 3. eta 4. posturako lehia. Eta, atzokoan ere ezin izan zuten garaipena lortu: 69-65 galdu zuten Arizmendikoek. "Lehia parekatua izan zen, eta hasierako minutuetan aurretik ibili arren, ezin izan dugu erritmoa eutsi", dio Gabilondok.
Arizmendiko mutilek partidu polita egitea lortu zuten eta markagailuari itxura polita eman zioten: lau puntugatik gelditu ziren 3. posturik gabe.
"Gure taldean DBH eta Batxilergoko jokalariak ditugu, eta esan behar da beste taldeetan nagusiagoak direla; hau da, gehienak Batxilergoko ikasleak dira", argitu digu Gabilondok. Garaipenik lortu ez arren, Arizmendikoak pozik itzuli dira ibarrera Series colegiales txapelketa egindako lanarekin. Estatuko laugarren taldea izatea ez da lorpen makala, gero!

Basconiak gonbidatuta

Arizmendik Baskoniarekin duen harremana dela-eta jaso zuen txapelketa honetan parte hartzeko gonbita. "ACBn ordezkaritza duten taldeek egiten dute gonbita txapelketan parte hartzeko. Bruesak, adibidez, Azpeitiko Urola ikastolari egin dio gonbita. Azpeitiko taldearekin egon dira Arizmendikoak Madrilen; harreman polita egin dutela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak