Aretxabaletako konposta Lapatxeko plantara eroango dute

Mireia Bikuña 2008ko eka. 5a, 11:52
2.600.000 euro inbertitu dituzte eguaztenean inauguratutako plantan, eta 3.500 tona hondakina tratatuko dituzte bertan. Hain zuzen, Aretxabaletan, Azkoitian, Azpeitian, Zumaian, Zarautzen eta Donostiako Amara auzoan birziklatutako materiala tratatuko dute Azpeitiko plantan.

Inaugurazio ekitaldian egon ziren, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabal, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako zuzendari Jose Ignacio Etxezarreta, Lapatx Zabortegia S.Ako presidente Julian Eizmendi, eta Gipuzkoako zortzi mankomunitateetako arduradunak; tartean, Pedro Lasagabaster eta Mikel Jaio, Debagoieneko mankomunitateko ordezkariak.

 

Materia organiko konpostagarriaren gaikako bilketatik hasita, konposta sortuko duen Gipuzkoako lehen planta da Lapatxekoa. Guztira, marroi koloreko 250 edukiontzi jarriko dituzte. "Informazioa zabaldu behar dugu, Aretxabaletan, zenbat familiak animatzen diren ikusteko. Kopuru horren arabera jarriko dituzte edukiontziak. Gero familia bakoitzak, edukiontziaren giltza, etxerako ontziak eta hondakin organikoak biltzeko poltsa bideogradagarriak jasoko dituzte", esan digu Pedro Lasagabasterrek.  Konpostaje programaren arrakasta gizartearen parte hartzean dago. "Markel Olanok esan duen moduan erabiltzaileak dira inportanteenak. Banaketa lekuak jarriko ditugu etxetik gertu, eta bertan, begirale adituak egongo dira, argibideak emateko eta zalantzak argitzeko".
Parte hartzeari begira, helburu hau jartzen du konpostaje programak 2009. urterako: Gipuzkoako etxeen %20, materia organikoaren bilketan; familia bakarreko eta familia biko etxeetan %30, autokonpostajean; eta %40 sortzaile handien artean.

Debagoienerako planta

Debagoieneko mankomunitateko ordezkariek begi onez ikusten dute Lapatxeko planta, baina, ibarrean materia organikoa tratatzeko planta beharrezkoa dela uste dute. "Esku artean dugun proiektuetako bat da. Debagoienean planta bat behar dugu, eta horren aldeko apustua egin behar dugu. Epele toki aproposa izan daiteke planta jartzeko", dio Lasagabasterrek. Baina, bitartean, Lapatxera eroango dute Aretxabaletako konpostajea.
 

Konpostatze prozesua

Azpeitiko plantan 3.500 tona hondakin tratatzea aurreikusten dute, eta 2016. urtean 60.000 tonaraino iristeko asmoa dute. Edukiontzi marroietan jasotzen den materia organikoa bi danbor handietan uztziko dute konposta egiteko. Danborrak biratzen joaten dira, deskonposiziorako prozesu organikoa bizkortzeko behar duten beroa ematen zaien neurrian. Danborretan 15 egunetan hondakinak tratatu ondoren, konposta, kanpoan biltzen da bi hilabetetan oxigenazio prozesurako. Ziklo hori bukatzean konposta prest dago berriro erabiltzeko. Horretarako, 2.600.000 euro inbertitu dituzte.

Beste proiektu bat ibarrerako

Urte hasieran Bartzelonara eta Mallorcara egindako bidaian, materia organikoa birziklatzeko beste aukera batzuk ikusi zituzten mankomunitateko ordezkariek. "Bartzelonan atez ateko bilketa ikusi genuen; edukiontziak kaleetatik kendu, eta atariz atari joaten dira bila. Sistema hori Debagoienerako oso aproposa dela uste dugu, Gure asmoa da bi sistemak martxan jartzea, eta ondoren parekatu, hobea zein den ikusteko", azaldu digu Pedro Lasagabasterrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak