Lehen postuan jarraitzen du Aretxabaletak 49 punturekin eta gainera, Hernani atzean uztea lortu du –orain arte berdinduta egon dira–. Zumaiakori 0-2 irabazi zion zapatuan eta Gordobil eta Arenazaren mutilak gustura itzuli ziren etxera. Pazientzia izan zela partiduko gakoa adierazi digu Arenazak: "Bagenekien zelai zaila izango zela Zumaiakoa, txikia delako, baina atzean lasai egotea lortu dugu eta pazientziarekin iritsi dira golak". Bigarren zatian sartu zituzten gol biak: lehena, 52. minutuan Aritz Igartuak eta bigarrena, partidua bukatzeko 10 minutu geratzen zirenean Akaitz Garaik.
Mondra eta Aloña ezinean
Mondrak galdu egin zuen Real Unionen aurka (3-1). Arrasateko mutilak euren lekua topatu ezinik ibili ziren zelaian eta lehenengo ordu erdirako 3-0 galtzen zeuden. Mondraren gola lehen zatia bukatu aurretik iritsi zen eta bigarren zatian arrasatearrak izan ziren nagusi baina golik ezin izan zuten lortu.
Oñatiri ere galtzea tokatu zitzaion UPV/EHU Vasconiarekin (2-1). Iñigo Arrola oñatiarrak zabaldu zuen markagailua bigarren zatian, baina segituan ailegatu zen berdinketa. Eta partidua bukatzekotan zegoela UPVren bigarren gola etorri zen oñatiarren akats bat aprobetxatuta.