500 lagun finala ikusten
Atzo San Martzialgo erromeria ospatzen zutela-eta, Bergarako areto futbol txapelketako finala zapatuan, 22:45ean jokatu zuten Eskoriatzako Cipris eta Bergarako Ugarrixa taldeek. Markagailuan gora-behera asko egon ondoren, eskoriatzarrak merezimendu osoz nagusitu ziren 7-5, eta txapeldunaren garaikurra jaso zuten. "Partidu guztietan maila oso ona egon da, eta finalean ere bai. Eskoriatzako taldeak halako txapelketetan esperientzia duela erakutsi du, eta merezimendu osoz irabazi du", esan zigun txapelketako antolatzaile Jose Luis Beitiak.
Finala gauean jokatu zuten arren, pilotalekua lepo bete zen norgehiagoka ikusteko. "500 bat lagun egon dira finalean. Baina partidu guztietan egundoko giroa egon da harmailetan, baita goizaldean jokatutako partiduetan. Hortaz, esango nuke taldeek jarrera ezin hobea erakutsi dutela, baina zaleek ere bai", esan zigun Beitiak.
Guztira, 20 taldek parte hartu zuten txapelketan, eta aipamen berezia merezi dute BTLS taldeko neskek. "Hirugarren partidura atezain barik etorri dira, eta ezin izan dute bigarren faserako sailkatu".
Talde mistoak
Atzo eguerdian bukatu zen Ino Galparoro alkatearen askatasuna exijitzeko asmoz jokatutako txapelketa. Arenkes de Cucu taldekoak 3-1 nagusitu ziren 20 paca taldearen aurka. Irabazleek garaikurra eta taldeko kide endako afaria jaso zuten sari modura; bigarrenak aldiz, garaikurra eta txuleta sorta. Sariak banatzen egon ziren Oihane Aranburu alkate ordea eta Aitor Lopez Rekarte futbol jokalaria. Bestalde, aipamen berezia jaso zuten lau talde mistoek; hain zuzen, euskal produktuen sorta bana jaso zuten.
Arrasateko txapelketan ere giro ona nagusitu zen. "Taldeen artean lehia gogorrak ikusi ditugu, baina ez da inolako arazorik egon. Giro bikaina egon da norgehiagoka guztietan", esan ziguten antolatzaile taldekoek. Guztira, 27 talde lehiatu dira bi fasetan, lehena ligilla modura jokatu zuten eta bigarrena kanporaketa bidez.
Antolatzaile taldekoek eskerrak eman nahi dizkiete antolaketan lagundu duten guztiei, eta parte-hartzaileei. Bestalde, Ino Galparsoro alkateak eskerrak helarazi zizkien parte-hartzaileei senitartekoen bidez.