Arantzazuko Amaren Eguna, gaur

Edu Mendibil 2010eko irailaren 9a

Arantzazuko Amaren Eguna da gaur, irailak 9. Ohiturari jarraituz, meza izango da Arantzazuko Basilikan, 12:00etan. Ehunka lagun batuko dira han. Jose Ignazio Munilla Gipuzkoako gotzainak emango du meza eta agintariei dagokienez, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Idoia Mendia Justizia sailburua etortzekoak dira Arantzazura. Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea ere bertan izan da, Udaleko beste hainbat ordezkarirekin batera.

Pello Zabalarekin egin dugu berba gaur goizean, Arrasate Irratian. Hark konfirmatu digu Markel Olano Diputatu Nagusia eta Idoia Mendia Justizia sailburua Arantzazun izango direla gaur. Pello Zabalarendako, gaurkoa baino, egun bereziagoak izaten dira aurreko bederatziurrenekoak, atzo amaitu zena hain justu. Gaurkoa "egun mediatikoa" bilakatu dela uste du Pello Zabala frantziskotar ezagunak. Izan ere, komunikabide askotako kazetariak izaten dira Arantzazun gaurko egunean. Bestalde, euskal presoen aldeko elkarretaratzea ere izan da gaur, meza aurretik.

Agintarien ongi-etorriaren ondoren, eta Munillak emandako mezaren ostean, agintariek eta Elizako ordezkariek bazkaria izango dute. Munillarekin izandako polemika eta Eliza uzteko erabakia hartu ostean, Joxe Arregi frantziskotarra gaur Arantzazun ez dela izango konfirmatu digu Pello Zabalak. Bihar, Arregirekin, gaurko eguna ospatuko dute frantziskotarrek. Era berean, Arregik Arantzazun beti ere bere logela izango duela adierazi digu Pello Zabalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak