Arantzazu-Gomistegi: bide irisgarrien sareko lehen ibilbidea inauguratu dute

Mireia Bikuña 2008ko aza. 26a, 18:15
Ekitaldian egon dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano; Oñatiko alkate Lourdes Idoiaga, La Caixako Gipuzkoako erakundeen arduradun Ane Carracedo eta Landa Ingurunearen Garapeneko diputatu Rafael Uribarren. Era berean, Adapta erakundeko kideak, Frantziskotarren ordezkariak eta Baketik zentroaren zuzendari Jonan Fernandez egon ziren inaugurazioan, besteak beste.

Bidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta La Caixaren Gizarte Obraren arteko lankidetza hitzarmenaren ondorio da. Aldundiak 600.000 euro ordaindu ditu; La Caixak 210.000 euro eta Oñatiko Udalak 105.000 euro.

Ibilbidearen ezaugarriak

Pertsonen funtzio urritasunei moldatutako ibilbidea egokitu dute, eta urritasun bakoitzak dituen ezaugarrien arabera egin dituzte irisgarritasun lanak. Maldak arindu dituzte eta informazio  gunetan braile hizkuntza erabili dute. Gainera, bide erdian kautxua jarriko dute itsuek bide erdiaren erreferentzia izan dezaten. Gandiaga Topagunearen atzealdetik Gomistegi baserrira doan bide zaharra egokitu dute ikusmen, entzumen eta adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pertsonendako. Bideak guztira, 1.865 metro ditu, eta erabilgarri daude dagoeneko 1.125 metro. Artzainen Eskolara heltzeko falta diren 740 metroak hurrengo fase batean egingo dituztela esan zuen Rafael Uribarrenek: "Azken metroak  irisgarrien sareko bigarren ibilbidea egokitu ondoren egokituko ditugu. Horren harira, bigarren ibilbidea Larraitzen egingo dugu, eta hirugarrena Iturraranen. Laugarrena non eta noiz egingo dugun ez dugu erabaki". Bestalde, diputazioak esku artean dituen beste asmo batzuen berri eman zuen Markel Olanok: "Mendi ibilbideen sarea prestatzen gabiltza, Gipuzkoako zona guztiak menditik lotzeko asmoz. Bestalde, Natura Parke bakoitzean aterpetxe bat egingo dugu. Aizkorri-Aratz  parketxea Arantzazun egingo dugu, eta lanak urtea bukatu aurretik hasiko dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak