Arantzazu Eguna ospatuko da domekan

Goiatz Arana Begiristain 2009ko aza. 4a, 15:49
Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatu du ospakizuna. Arantzazuri egun bat eskaini eta festa-giroan ehunka lagun biltzea lortu nahi du, batetik; eta Arantzazu eta gizartea elkar gerturatzea, bestetik. Aurten egingo da lehen aldiz, baina urteroko hitzordu bihurtuko da. Lehen edizio honetan, Nestor Basterretxea artistak Arantzazuko kriptarako muralak egiten bukatu zuenetik 25 urte bete direla ospatuko dute.

Aurten, gainera, artistak eta elkarteak adiskidetze dokumentu bat izenpetu eta berrikuntza batzuk egitea adostu dute. Hala, kriptako argiak aldatu, banku gehienak kendu eta horma-irudien arteko hutsuneak bete dituzte.

Arantzazuko adiskideek gorazarre egin nahi diote Basterretxeari eta, birmoldaketaren ondoren, espazio horrek duen itxura berria jendaurrean aurkeztu gura dute. Kriptaren ber-inaugurazioa 11:00etan egingo da, artista bera eta agintariak bertan direla, baina egitarauak goiz osorako ekintzak jasotzen ditu:

  • 09:00etan: Gomiztegiko bide egokitutik, ibilaldia
  • 10:00etan: Arantzazuko Adiskideak elkarteak bultzatzen dituen proiektuei buruzko hitzaldia
  • 11:00etan: kriptaren ber-inaugurazioa
  • 12:00etan: meza
  • 13:00etan: trikitilariak eta bertsolariak
  • 14:00etan: herri bazkaria, Arantzazuko Santutegia Hotelean, aurrez izena emandakoentzat

Adiskide berriak lortzeko kanpaina

Horrez gain, adiskide berriak bilatzeko kanpaina bat abiaraziko dute domekan, "Arantzazuk adiskideak behar dituelako bere etorkizuna bermatu eta etorkizun hori lantzen joateko", Iñaki Beristainen esanetan. Bost hilabete iraungo du kanpainak eta helburua da 100 boluntario berri  bilatzea, bakoitzak bi, hiru, lau edo bost adiskide lor ditzan.

Urteroko hitzordua

Antolatzaileen asmoa da Arantzazu Eguna urteroko hitzordu bihurtzea, hau da, urtero ospatzea. Hurrengo urteetako ekitaldietan, Santutegiko beste zenbait ikuspegi edo balore azpimarratuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak