Aranguren eta Askasibar elgetarrak lehen hogeiren artean 'Quebranta'-n

Mirari Altube Arrese 2009ko eka. 22a, 01:24
Debagoiendar asko izan ziren iaz legez Sabiñanigon, Quebrantahuesos proban. Batzuk parte hartzera joan dira, 169 hain zuzen –iaz baino gehiago– eta beste batzuk animatzera. Eta iaz legez, elgetarrak izan dira nagusi Debagoiendarren artean: Xabier Aranguren lehenengo 15. postuan (6:03:05) eta Oskar Askasibar 19. (6:03:36).

Iazko beroarekin alderatuta fresko izan dute aurten, une batzuetan hotz ere bai. Lehen 60 kilometroetan, Candanchura arte, haize zakarra izan zuten aurka: "Haize horrek ez digu utzi denbora hobea egiten kilometro horietan", jakinarazi zigun Askasibar elgetarrak. Somport portuan, ostera, lanbroa izan zuten eta hotz. Horregatik egunkariak eta zirak banatu zizkieten ikusleek txirrindulariei. Jaitsitakoan, ostera, epelago zegoen eta txirrindulariak disfrutatzen hasi ziren orduan. "Gustura ibili naiz, inolako arazo barik. Batzuk esan digute hasieran pelotoia elkartuta joan dela eta arazotxo batzuk izan dituztela baina niri ez zait halakorik gertatu", azaldu zuen Askasibarrek.

Hainbat txirrindulari jausi ziren Marie Blanc jaisten baina debagoiendarrek ez zuten minik hartu. "Eta hori garrantzitsua da", gaineratu zuen Askasibarrek. Elkarrengandik oso gertu ibili dira bi elgetarrak. Iaz bi minutu pasatxoko aldea atera zion Askasibarrek Arangureni eta aurten 31 segundukoa Arangurenek. Iazkoarekin alderatuta denbora ia berdintsua egin du Askasibarrek baina sailkapenean aurrerago geratu da (iaz 46.): "Bosgarren aldiz etorri naiz Quebranta probara eta denborarik okerrena aurtengoa izan da. Hala ere posturik onena eskuratu dut", zioen Askasibarrek.

2009ko probako sailkapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak