Aramaio eta Arrasate atzean utzita Bergarara iritsiko da bihar AHTren kontrako martxa

Arritxu Barruso 2009ko ira. 6a, 22:15
Abiadura Handiko Trenaren ibilbidearen lanak bertatik bertara ikustea da zapatuan Gasteizen hasi eta hilaren 13an Bilbon amaituko den martxaren helburua. Zapatuan Gasteizen hasi eta Urbinara arteko bidea egin zuten. Atzo, berriz, gure ibarrean barrena ibili ziren. Goizean Urbinatik Aramaiora bitarteko ibilbidea egin zuten. Lehenago, baina, Kurtzetatik Eskoriatzako Marin auzoko lanak ikusi zituzten.

Aramaiora iristean talde batek ongi etorria eman zien trikitilariekin. Argazki erakusketa bat ere ipini zuten herriko plazan, Aramaion lanak nola dauden erakusteko. Arratsaldean, berriz, AHTren izenean, amen izeneko antzezlana egon zen. Hilario Manzanedo AHTren Aurkako Asanbladako kideak salatu du Bolinburu errekan presa moduko bat egin dutela eta bertatik ura hartzen dabiltzala trena egiten ari diren langileak. Kamioiak presa horren gainetik dabiltzanaren susmoa ere badutela azaldu du.


Debagoienari dagokionean Aramaion daude aurreratuen trena lanak. Zabola eta Bolinburu inguruan hasi zituzten lanak eta orain Untzilla parean joango den kilometro eta erdiko biaduktuaren zutabeak eraikitzen dihardute. Biaduktu hori Aramaio Arrasaterekin lotuko lukeen tramua da. Beste noranzkoan ere hasi dituzte lanak; Aramaio eta Eskoriatza bitarteko tramuan. Tunel bat eraikiko dute bertan eta dagoeneko egin dituzte lehenengo leherketak.


Aramaio atzean utzita zapatu iluntzean Arrasatera iritsi zen martxa eta gaur, astelehena, Bergarara iritsiko da. Angiozar ingurua bisitatu ostean Elorriora joango dira.

Helikopteroa inguruan

Hilario Manzanedok adierazi du lehenengo egunetik helikoptero bat izan dutela gainean euren ibilbidea jarraituz. Bestetik, Ertzaintzak 17 lagun identifikatu zituen Gasteizen, Arriaga parkean, martxa hastera zihoazenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak