Aralar eta EB bakarrik aurkeztuko dira Arrasaten eta Bergaran

Jon Berezibar 2007ko ots. 16a, 10:35
Aralar eta Ezker Batua alderdiek maiatzeko hauteskundeetarako koalizioa osatzeko akordioa aurkeztu dute. Elkarrekin joango dira EAEko hiru batzar nagusietan, hiriburuetan eta ehun bat herritan. Debagoienean, halere, bananduta aurkeztuko dira herri nagusietan: Arrasaten eta Bergaran. Besteetan zer egingo duten ez dute oraindik erabaki.

Koalizioaren gainean, Oxel Erostarbe, Aralarko Gipuzkoako koordinatzaileak zera esan du: "bi alderdiok euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea duela onartzen dugu; ez da nahikoa saiakera bat egiteko?". Eta zera gaineratu digu: "Erakutsi gura dugu desberdinak izanda ere adostasunak topa daitezkeela, eta lortu dugu erakundeetara ezkerretik eragitera doazen herritarren zerrenda zabala elkartzea".


Ezker Batuko Ander Rodriguezek zera azaldu du: "Koalizioarekin ezkerreko alternatiba pluralaren alde apustu egin dugu. Egungo aukerekin identifikatuta sentitzen ez diren ezkertiar askorendako alternatiba gara, ezkerreko proiektu argiarekin". Zera gaineratu du: "Urteak eman ditugu ezkerreko alderdiok elkarri bizkarra emanda, eta garaia da elkarrekin lanean hasteko".

Askotariko erabakiak

Aralarri dagokionez, herri bakoitzeko batzordeak dauka autonomia osoa koalizioan aurkeztu edo ez erabakitzeko. Debagoieneko hainbat herritan hartuta dute erabakia: Bergaran eta Arrasaten, Aralar bakarrik aurkeztuko da. Bergarako kasuan, Iñigo Iñurrategi Aralarko zinegotziak zera azaldu digu: "Udalean, EBren lan egiteko moduarekin ez gara ados egon eta ez dugu akordiorik egin". Joxe Etxeberriak, Arrasateko Aralarko zinegotziak, azalpen hau eman digu: "EBrekin hainbat gairen gainean ez dugu adostasun handirik eduki eta giroa ez da batere kuriosoa. Hortaz, erabaki dugu bakarrik aurkeztea".
Xabier Sarasua Aralarko Aretxabaletako zinegotziak adierazi du oraindik ez dutela erabaki zer formula erabiliko dute hauteskundeetarako: Aralar-EB, Aralar eta EB bananduta edo koalizio zabal bat…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak