Appleberri.com berritu dute; euskara hutsezko Appleren blog komunitario ez-ofiziala

Usoa Agirre 2007ko urriaren 16a

Duela urtebete sortu zuen webgunea Antton Peña aramaioarrak Apple munduan gertatzen ziren berriez aritzeko. Blog pertsonal izatetik komunitario izatera pasa da urtebetean eta orain bost 'macerok' kudeatzen dute webgunea: AnttonP aramaioarrak, AitorZ eibartarrak, GorkaM gasteiztarrak, Imamon arrasatearrak eta LibeA eskoriatzarrak. Diseinu eta eduki berriekin parte-hartzea bultzatu nahi dute.

Diseinu aldaketa bi beharrek eragin dute, nagusiki:

  1. Edukiak kudeatzeko sistemaren aldaketa: Joamlatik WordPress erabiltzera pasa da.
  2. Erabiltzaileei parte hartzeko aukera berria eskaintzea. Horretarako, atal berriak sortu, elementu grafikoak indartu, menuen antolamendua aldatu eta edukiak informazio osagarriz hornitu dituzte (irudiak eta bideoak gehienbat).

Atal berriak, parte-hartzea bultzatzeko

Diseinu berria eta atal berriak estreinatu ditu Appleberrik. Parte-hartzea bultzatu nahi dute bigarren aro honetan eta horretarako sortu dituzte zenbait aukera: argazki galeria, bideokasta eta foroa.
Bestalde, sarreretan iruzkinak gehitzeko eta inkestetan parte hartzeko aukera ere eskaintzen dute.

  • Bideokasta: produktuen reviewak egiteko bideoa dela egokiena uste dute. Testu eta irudiarekin bakarrik gauza asko bidean gelditu daitezke edo ez dira behar bezala antzematen.
  • Galeria: aukera zabala ematen du albisteak ilustratzeko orduan. Albisteen osagarri da galeria. Gainera, edozeinek bidal dezake argazki bat galeria osatzeko.
  • Inkestak: gai jakin baten gainean apple-zaleen iritzia zein den jakin nahi dute. Hilean behin edo beharra ikusten dutenean aldatzen joango dira.
  • Iruzkinak: irakurle parte-hartzaileak nahi dituzte. Informazioa elkartrukatu, osatu, zuzentzeko, eztabaidatzeko edo iritzia azaltzeko albisteei erantzuteko aukera duzu.
  • Zalantza gunea edo Foroa: zalantzak edo galderak erantzuten saiatuko dira foroan. Izena eman besterik ez dago galdera bat egiteko edo beste erabiltzaile bati erantzuteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak