AP-1en batezbesteko 8.000 ibilgailu dabiltza egunero

Leire Kortabarria 2009ko uzt. 9a, 17:55
Eibar-Gasteiz autobidean, batezbesteko 8.000 bat ibilgailu dabiltza egunero. Zatika, Bergara-A8 da zirkulazio handien duen tramua: 14.000 ibilgailu pasatzen dira tramu horretatik egunero. Bigarren erabiliena Bergara-Arrasate da: 10.000 ibilgailu egunero. Datu horiek Bidegik emandakoak dira. Autobidea maiatzaren 21ean ireki zen osorik.

Eskoriatza-Luku zatiak 7.500 joan-etorri ditu egunero; Arrasate-Eskoriatzak, 6.500; eta azkenik, Luku-Gasteiz zatian 3.700 ibilgailu dabiltza batezbestean egunero. Arabako Foru Aldundiaren esanetan, azken datu hori aurreikuspenen barruan sartzen da, izan ere, tramu hori Arabako barne-erabilerarako da, batik bat.

Bestalde, Arabako aldundiaren datuen arabera, Arlabango eta Leintz Gatzagako portuetako trafikoaren %65 pasatu da AP-1era: Arlabango portutik 11.000 ibilgailu pasatzen ziren egunero, eta Gatzagakotik, 12.000; bada, orain, 4.500 ibiltzen dira, eta gainerakoak AP-1era pasatu dira.

Horiek Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien datuak dira; baina badirudi ordainsaria ezarri aurretik, Eskoriatza-Luku tramua zabaldu eta segituan, izan zela erabilpen handiena, eta ordainsaria ipini zutenetik zerbait jaitsi dela; hala diote Maulanda jatetxekoek, hori ikusteko leku estrategikoan kokatuta daudenak.

Edozelan ere, Gipuzkoako eta Arabako diputazioen esanetan, "goizegi" da behin betiko ondorioak ateratzeko, izan ere, "urte eta erdi edo bi urte behar izaten dira ohiturak finkatzeko eta autobideko erabilpen datuak egonkorrak izateko". Hala ere, Bidegiren esanetan, "gaur egun dagoen erabilerak gorako joera izango du datozen urteotan". Orain arteko datuekin "pozik" agertu dira erakundeok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak