AP-1eko zerbitzugunea, Arrasaten eta Eskoriatzan, lehiaketara atera dute

Leire Kortabarria 2007ko irailaren 2a

AP-1 autobideko zerbitzugune bat Arrasaten, Osinan, eta Eskoriatzan, Aingeru Guarda baserriaren eta Olaeta auzoaren artean, Uztarretan, egongo da. Bi gune horiek osatzen duten zerbitzugunea lehiaketara atera du Bidegik.

Bi instalazio horiek osatuko dute zerbitzugunea, izan ere, Arrasaten, Eibarrera noranzkorako zerbitzuak ipiniko dituzte, eta Eskoriatzan, Gasteizera noranzkokoak. Hala zehazten du Bidegi enpresa publikoak zerbitzugune horren proiektua idazteko, eraikitzeko eta mantentzeko deitutako lehiaketan. Berau abuztuan atera zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta lehiaketa zabalik dago irailaren 24ra bitartean.
Horrekin batera, A-8 autobideko zerbitzugune baten lehiaketa deialdia egin du. Bi guneondako proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da, edo banakakoa. Irailaren 28an irekiko dituzte aurkeztutako proiektuak.

Ezaugarriak

Osinan, autobideko 17,580 puntu kilometrikoan, eraikiko dute Eibarrera noranzkoko atsedengunea. Handiena izango da, 22.184 metro koadro hartuko ditu eta. Uztarretan, 24,950 puntu kilometrikoan, Gasteizera noranzkoan doazenendako atsedengunea izango da, 6.000 metro koadrokoa.

Gutxienez, honako zerbitzuak derrigorrez eman beharko ditu esleipendunak: depositua betetzeko estazioa –erregai ekologikoak derrigorrez eskaini beharko ditu, besteak beste–, dendarekin eta bulegoarekin; kafetegi-taberna, zerbitzuguneko alde bakoitzean, eta, nahi bada, denda edo supermerkatu txiki bat ere; zerbitzu publikoak –komunak, telefonoak eta Internetera sarbidea–; turismo informazio gunea; kamioiendako eta ibilgailu arinendako aparkaleku bana; atseden lekua; meriendatzeko lekua; autokarabanen deposituak husteko lekua; eta lehiakideek ondo ikusten dituzten beste zerbitzu batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak