AP-1aren urteurrena: balorazio positiboa eta konponketak

Julen Iriondo 2010ko mai. 24a, 17:57
Urtebete bete da AP-1 autobidea osorik ireki zutela, eta Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek balorazioa egin dute gaur, balorazio positiboa. Bestalde, Bidegik 1.800.000 euro bideratuko ditu autobideko lanek Aretxabaletan eragindako kalteak konpontzera.

1.800.000 euro bideratuko ditu Bidegik Ap-1 autobidearen eraikuntza lanek Aretxabaletan eragindako kalteak konpontzera. Kopuru honetatik, 736.000 euro erabiliko dituzte Basagoitiko bide-zubiaren eraikuntzagatik kaltetua suertatu zen Aretxabaleta eta Untzilla arteko bideko zati bat konpontzeko. Lanok atera dituzte dagoeneko lehiaketara.

Beste 263.000 euro bideratuko dituzte Izurieta auzora doan errepidea konpontzera. Bide hau oso hondatuta dago autobideko lanetan ibilitako ibilgailu astunen joan-etorriagatik. Lan hauek ere atera dituzte lehiaketara, baina ez dira hiruzpalau hilabete baino lehenago hasiko.

Honez gain, Bidegik hitzarmena ere sinatuko du Aretxabaletako Udalarekin. Honen arabera, beste 843.000 euro bideratuko ditu Bidegik beste konponketa batzuetara: hala nola, Lausitako mendi magala konpontzera, zenbait ur biltegi berregitera, Ametsagako errepidea konpontzera eta abar.

Bestetik, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek Ap-1 autobidearen aurreneko urtearen balorazioa egin dute gaur. Balorazioa positiboa dela adierazi dute, autoei dagokienez erabilera aurreikuspenak bete egin direlako eta gainditu ere bai zenbait kasutan. Autobidea osorik ireki zenetik, Arrasate eta Eibar arteko joan-etorriak % 45 igo ei dira. Ibilgailu astunen joan-etorri kopuruak egin du gora gehien. Eneko Goia Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuak adierazi du autobidearen segurtasun, erosotasun eta kapazitate baldintzen ondorioz lehen egunero Arlabanetik pasatzen ziren 9.000 ibilgailuetatik gehienek autobidea erabiltzen dutela orain.

Urtebete honetan, iazko uztailean eta abuztuan hartu zituen autobideak ibilgailu gehien, uztailean eguneko ia 20.000 Bergara eta Eibar artean.

Azkenik, gaurko agerraldian jakinarazi dute Ap-1 autobidea egungo amaieratik, Etxebarritik, haratago luzatzea aztertzen ari direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak