AP-1 autobidea ez dute guztiz irekiko 2008 bukaerara arte

Aintzane Irizar 2007ko urr. 31a, 12:56
Atzerapenaren arrazoia da anhidrita izeneko materiala azaldu dela Isuzkitzako tunelean eta horrek aparteko lanak egitea eskatzen duela.

Eneko Goia Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako diputatuak astelehenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazi zuenez, gutxienez urtebetez atzeratuko dira Eibar-Gasteiz (AP-1) autobidearen lanak Gipuzkoan. 2008ko urtarrilerako autobidea osorik zabaltzea zegoen aurrez ikusita. Orain, baina, 2008. urte amaieran zabalduko dutela iragarri dute.

Goiak azaldu zuenez, anhidrita izeneko materiala azaldu da Isuzkitzako (Arlaban) tunelean; material horrek, hidratazioarekin, %60 handitzen du bere bolumena eta horrek tunelarengan lurrak eragiten duen presioa asko areagotzen du. Horregatik, tunelen estaldura indartzeko lanak egin beharko dituzte.  

Lanok hasiko dituzte bihar bertan, azaroak 1, eta 2008ko irailaren 30ean amaitzea aurrez ikusten dute.

Anhidrita azaldu izana da lanak atzeratzearen arrazoi nagusia, baina, ez bakarra; badira beste arrazoi batzuk, Eneko Goia diputatuak astelehenean azaldu zuenez: Apotzaga eta Gurutzetxikiko tunelen inguruko lurren ezegonkortasuna; lursailak eskuratzeko atzerapenak, alegazioak aurkeztu dituztelako; erreklamazioak direla eta lanak geratu behar izana hainbat zatitan; Eskoriatzako Udalarekin eta hainbat biztanlerekin adostutakoaren arabera proiektuari hainbat aldaketa egin izana.   

Eneko Goiak ez zuen zehaztu lan berri horiek zelako eragina izango duten proiektuaren aurrekontuan.

Arabako zatia urtarrilerako

Arabako Foru Aldundiak dihardu AP-1 autobidearen Arabako zatia eraikitzen. Bi zatitan dihardute: Isuzkitza-Luku eta Luku-Etxabarri-Ibiña. Lehengo zatia da 6.700 metrokoa eta bigarrena 6.200 metrokoa. Guztira, lanen aurrekontua zen 122 milioi eurokoa. Dena dela, gaur bertan, eguaztena, prentsaurrekoa egitekoak ziren Diputazioko arduradunak, aurrekontuaren igoera baten berri emateko.
Arabako Diputazioko iturrien arabera, 2008ko urtarril bukaerarako lanak amaituta egotea espero dute. Arabako zatian, hortaz, atzerapena oso txikia izango da, 2008ko urtarrilaren 1erako bukatzea espero zuten eta.

Hala ere, Arabako zatiak trafikoarendako noiz zabalduko dituzten beste kontu bat da; hori oraindik ez dute erabaki Arabako Foru Aldundiko arduradunek. Segurtasunaren aldetik arazorik ez badago 2008. urtean zehar zabalduko dute eta horixe egiten saiatuko dira. Zabaltzekotan, ez dute ordainsaririk kobratuko Gipuzkoako zati osoa zabaldu arte.

AP-1 zatiz zati

Eibar - Bergara Iparra
- Aurrekontua: 140 milioi euro.
- Luzera: 7,2 kilometro.
- Zabalik: 2003ko abendutik.

Bergara Iparra- Hegoa
- Aurrekontua: 77 milioi euro.
- Luzera: 4,2 kilometro.
- Zabalik: 2004ko uztailetik.

Bergara Hegoa-Arrasate
- Aurrekontua: 71 milioi euro.
- Luzera: 3,5 kilometro.
- Zabalik: 2005. urteko
  uztailetik aurrera.

Arrasate-Eskoriatza
- Aurrekontua: 106 milioi euro.
- Luzera: 6,3 kilometro.
- Zabalik: 2008 bukaeran.

Eskoriatza-Isuzkitza
- Aurrekontua: 192 milioi euro.
- Luzera: 10,8 kilometro.
- Zabalik: 2008 bukaeran.

Isuzkitza-Gasteiz
- Aurrekontua: 122 milioi euro.
- Luzera: 12,9 kilometro.
- Zabalik: Erabakitzeke. 2008ko      
  urtarrilean lanak bukatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak