Antzuolan ikus daiteke GOITB Lurreko Telebista Digitalean

Goiatz Arana Begiristain 2010eko apirilaren 28a

Iritsi da Antzuolara ere Goiena Telebistaren seinale digitala. Azken egunotan jardun dute teknikoek horretarako beharrezkoak diren moldaketak egiten.

Lurreko Telebista Digitala ikusteko 52. kanalean aurkituko dute ikusleek Goiena Telebista. Sintonizazio probak egin eta aurkitzeko zailtasunak izanez gero, tekniko batekin jarri behar da harremanetan, antenan beharrezko egokitzapenak egin eta arazoa konpontzeko. Edozein zalantza argitzeko, gainera, Goiena.net-en horretarako bereziki prestatutako atal bat dago.

Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Oñati, Elgeta eta Bergararen ostean, Goiena Telebistak digitalera salto egiten duen zortzigarren herria da Antzuola. GOITB lurreko telebista digital bidez ikusten ez duen herri bakarra geratzen da, beraz, orain: Aramaio. Bertara seinale digitala zabaltzeko lanean dabiltza teknikoak. Gutxi barru, beraz, datorren astean bertan, seguruenik, Debagoiena osoan ikusi ahalko da Goiena Telebista lurreko seinale digitalaren bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak