Antzuolako andreen lanaren gogorra, mende osoko iruditan

Maider Arregi 2010ko api. 13a, 10:19
Olaranen irekiko dute zapatuan erakusketa eta bi asteburutan egongo da ikusgai. Guztira, 50 bat argazkitan agertuko dute herriko emakumeen lana.

Emakume Langilearen Egunaren harira, Udaletik bertatik ateratako ekimen herrikoia antolatzeko asmotik dator erakusketa. Emakumea eta lana, etxe barruan eta kanpoan du izena bildumak eta datorren asteburuan eta hurrengoan (hilak 17-18 eta 24-25) egongo da ikusgai Olaranen ohiko ordutegian, arratsaldez. "Herriko emakumeen lana agertzen duen erakusketa polita izan zitekeela" iruditu zitzaiela azaltzen du Karmele Korta gizarte langileak eta horretarako antzuolarrei martxoan zehar etxean gaiari lotutako argazki zaharrak bilatzeko eskaera egin zieten, bai irudi zahar zein modernoak.

Etxean zein kalean

Horrela, mende hasieran Donostiara neskame joandako emakume baten irudiarekin hasi eta gaur egungo laneko argazkietara, 50 bat aleko sorta osatu dute erakusketarako. Asko eta asko, herriaren historiari lotuta, baserri mundukoak direla argitzen du Kortak eta ikusten dela "emakumeek lan gogorra" egin izan dutela beti: baserrian, tabernan, lantegietan... Lan moduan sarri kontsideratu ere ez direnak jaso ditugu, esaterako, amama etxeko umeen zaintzaz arduratzen zen lehen, eta halakoak ere ikusiko dira". Lanari zuzenean lotutako irudiak aurkitzearen zailtasunaz ere jabetu dira antolatzaileak, hain zuzen, "argazkiak normalean lanetik kanpo atera ohi" direlako, dio Kortak, "aisialdian-eta". Horregatik, ez dute mugarik ezarri gura izan ez gaian ezta agertzen duten errealitatean ere. Lanaren gogorra, hortaz, baina emakumea objektiboaren aurrean hartuta, datozen bi asteburuetan Olaran aretoan erakutsiko dena. Urteetan hain agerian izan ez dena erakutsi eta historiaren alderik gertukoena ekartzeko, antzuolarrak dira-eta irudietako emakume langileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak