Badira urte batzuk bi taldeek ez zutela elkarren aurka partidu ofizialik jokatzen. Horregatik, ikusmin handia piztu zuen lehiak ibarrean. Nor baino nor gehiago aritu ziren Antzuola eta Bergara; azkenean, bost gol ikusi zituzten Eztalara hurbildutako zaleek eta, hiru puntuak, Antzuolan geratu ziren.
Atsedenera, gol barik
Bi taldeak gogotsu zelairatu ziren; Eztalara hurbildutako zaleen babesa eskertu gura izan zuten bi taldeetako jokalariek. Baina, lehenengo zatian ez zen joko handirik ikusi Eztalan. Inor ez zen zelai erdiaren jabe egin eta gol aukerak ere urriak izan ziren; garbiena, Imanol Cabanillasek izan zuen Bergararen alde.
Atsedenetik bueltan, partiduak beste bide bat hartu zuen; emoziorik ez zen falta izan Eztalan. Lehenengo gola Godoyk egin zuen, 55. minutuan. Gol horrekin, etxeko taldeak indarra hartu zuen eta minutu gutxira bigarrena iritsi zen; Mendizabal izan zen golegilea. Markagailua Antzuolaren alde jarri zen nabarmen; hala, partidua erabakita zegoela zirudien. Baina, 73. minutuan, Agirrek Bergararen lehenengo gola egin zuen. "Gure zelaia txikia da eta badakigu aukerak egitea oso samurra dela. Hortaz, bi goleko abantaila ez da nahikoa izaten partidua erabakitzeko", argitu zuen amaieran Andoni Azkargorta Antzuolako entrenatzaileak.
2-1ekoarekin, partiduak intentsitatean irabazi zuen; bi taldeak gogotsu jokatu zuten beste gol bat egiteko. Lan horretan, talde eraginkorrena Antzuola izan zen; 80. minutuan, Azkaratek 3-1ekoa jarri zuen markagailuan. Gol harekin, Antzuolak eta Antzuolako zaleek lasaitasuna hartu zuten.
Hala ere, Bergarak ez zuen amore eman berdinketa lortzeko ahaleginean; 88. minutuan, Urteagak 3-2koa egin zuen. Baina, ezer gutxirako balio izan zuen golak.
Entrenatzaileak, pozik
Esan bezala, Bergarak azkeneko minutura arte borrokatu zuen berdinketa lortzeko. Horregatik, pozik zegoen Manu Diaz entrenatzailea: "Taldeak guztia eman du azkeneko momentura arte; pozik nago jokalariek izan dute jarrerarekin".
Zapatuko garaipenarekin, Antzuolak hiru puntuko aldea zabaldu dio Bergarari eta sailkapeneko goiko postuetan jarri da; Antzuolak 25 puntu ditu eta Bergarak 22. "Gure helburua maila mantentzea da; ez goiko postuei begira egotea", azaldu zuen amaieran Azkargortak.