Askotariko ekimenen bidez gorren kultura ezagutzera eman zuten egun osoan. Esan bezala, goizean San Martin plazan zegoen hitzordua jarrita. Etxeko txikienak puzgarrietan eta tailerretan ederto ibili ziren. Ipuin kontalaria ere izan zen. Hitz bat bera ere esan barik eta esku, keinu eta panpinen bidez, hainbat ipuin kontatu zizkien haurrei. Helduek, bitartean, zeinu hizkuntzaren bidez bakoitzaren bizitzaren berri ematen zioten ondokoari.
Baina, esan bezala, dena ez zen jaia izan. Aldarrikapenek ere bere tokia izan zuten. Hala, eguerdian, agiria irakurri zuten. Gogora ekarri zuten Espainiako Kongresuak, iaz, entzumen arazoak dituzten eta gor-itsuen ahozko komunikazioari laguntzeko neurriak arautzen dituen legea onartu zuela. Horren harira, hor azaltzen dena betetzeko eskaera egin zien erakundeei. Pertsona horien egunoroko bizitza errazagoa izan dadila lortu nahi dute horrekin. Agiria irakurri ostean, Bergarako alkate Agurne Barrusori oroigarria eman zioten, jaialdirako Udalak emandako laguntzagatik.
Jarraian, antzerkia egon zen plazan. Bazkaldu ostean, berriz, udal pilotalekuan elkartu ziren. Futbito txapelketa jokatu zuten han pertsona gorrek, momentuan bertan egindako taldeekin. Garrantzitsuena ez zen irabaztea, ondo pasatzea baizik.
Debagoienean 200 pertsona gor
AransGi, Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien Elkartea, atzoko jaialdiaren antolatzaileetako bat izan zen. Hango zuzendari Iñaki Madinabeitiak azaldu du Debagoienean, gaur egun, 200 pertsona gor inguru daudela.