"Aldagelan ez dugu askorik komentatu, baina bai, kalean eta lantokian jendeak komentatu dit zerbait. Nik ez daukat dudarik, idatzi gabe dagoen legeak dio txapeldunari pasilloa egin behar zaiola, eta Mondrako jokalari eta zaleendako une gozoa izango ez bada ere, guk pasilloa egingo dugu Ibarran. Nire kasuan, gainera, nahiago dut UDAkoei egin beste edozeini baino, Aretxabaletan lagun asko ditudalako. Mondrakook kiroltasunez jokatuko dugu; izan ere, futbolak buelta asko ematen ditu".
Domekako partiduarekin batera zapatuko emaitzei begira egongo da Antzuolakoa, ea Euskaldunak Aloñaren kontra zer egiten duen: "Egia esan, aurten ibarreko taldeen artean hainbat fabore egin dizkiogu elkarri, horrela tokatu delako". Hobe horrela eta ez alderantziz. Eta, Aloñak Euskalduna mendean hartzen badu, oraingoan Mondrarendako fabore: "Ez daukat dudarik, Aloñak geratzen diren bi partiduak irabazten baditu bigarren sailkatuko da".
Ibarrako puntuen bila
Mondrak etxeko lanak amaituta dituen UDA izango du aurrean, baina Azkargortak ez du inor lasaituta ikusi gura: "Baliteke Gordobilek minutu asko izan ez dituen jokalariak saritu gura izatea eta hainbat aldaketa egitea. Oraindik ez diot horren gainean galdetu [barre], eta pentsa, elkarren ondoan egiten dugu lan. Baliteke domekan UDAko mutilek urtean zehar baino tentsio txikiagoa izatea, baina Aretxabaletak ez digu oparirik egingo, ordezkoek ere datorren urtean taldean lekua dutela erakutsi gura izango dutelako".
Kalejiran ibarrara
UDArendako ospakizun eguna izango da domekakoa. Zaleak 16:00etan batuko dira herriko plazan, handik futbol zelaira joateko, eta 16:30ean omenaldia jasoko dute preferenteko eta euskal ligako taldeek.