Aloñak irabazi, eta UDA eta Mondrak berdindu egin dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko aza. 11a, 21:27
Askotariko emaitzak lortu dituzte aste bukaeran ibarreko preferente mailako futbol taldeek. Alde batetik, Aloñak irabazi egin du Zestoaren aurka (2-0). UDAk eta Mondrak, berriz, berdindu egin dute; Touring-en aurka UDAk (1-1) eta Euskaldunaren aurka Mondrak (0-0)

UDA-Touring

Aretxabaletako taldeak, beste behin, penaltiz jaso zuen berdinketaren gola. Igor Arenazaren taldeak ondo hasi zuen lehia: "Zailena egin dugu, markagailuan aurretik jartzea", esan zuen Arenazak partidu amaieran.
Elgarresta, Sanchez, Leonardo, Iturbe, Garai, Lopez, Erico, Orueta, David Espinosa, Iban Espinosa eta Arriaga atera ziren Ibarrako berdegunera. Partiduko lehenengo minutuak zailak izan ziren; Touring atzean sartuta atera zen zelaira. Baina etxeko taldeak aurrera egin zuen eta, gola partiduko 30. minutuan egin zuen UDAk: alderatze baten ondoren, Igor Arriagak sartu zuen baloia sareetan.
Bigarren zatian lortu zuen Touringek gola, jokaldi nahasi baten ondoren. Jokoz kanpo argi bat eta gero, UDAko Raulek falta egin zion Touringeko aurrelariari. "Nire ustez, falta area kanpoan izan da baina epaileak penaltia adierazi du. Gainera, epaileak Gorka Iturbe egotzi du baina falta egin duena Ruben izan da", hortaz, Arenaza entrenatzailea ez zegoen oso pozik epailearen lanarekin. Bestalde, etxean aurka jasotzen duten 3. penaltia izan zen atzokoa. "Oso erraz adierazten digute penaltiak", gaineratu zuen Arenazak.

Euskalduna-Mondra

"Atea hutsean mantentzea garrantzitsua izan da", esan zuen partidu amaieran Igor Gordobil Mondrako entrenatzaileak. Euskaldunaren aurka irudi ona eman zuten arrasatearrek, eta, horregatik pozik zegoen Gordobil. Lehenengo zatian, Donostiako taldea gogor atera zen, baina, bigarrenean, Mondrak hiru aukera garbi izan zituen: Heriz eta Gotzonen eskutik. Bestalde, Muruak ukondokoa jaso eta zelai utzi behar izan zuen. Bere ordez atera zen Ruben eta, hark ere zelaia utzi zuen min hartuta.

Aloña-Zestoa

"Denboraldiko partidurik osoena jokatu dugu. Pozik nago taldeak eman duen itxurarekin". Hala laburtu zigun Aloñako entrenatzaile Josu Zubiak Zestoaren aurkako lehia. Halaber. atzoko partidua hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde zen Pedro Maiztegiren omenez.
Lehenengo zatia nahiko parekatua izan zen. Bi taldeek aukera gutxi sortu zituzten; bada, Aloñako jokalari Xabi Caminok aukera bat aprobetxatu zuen 18. minutuan lehen gola egiteko. Bigarren zatiaren hasieran Aloñak gol aukera garbiak sortu zituen bigarrena egiteko; bada, lasaitasunaren gola 85. minutuan egin zuen Roberto Idigorasek. Halaber, aspaldiko partez Aloña Mendik ez zuen bere atean golik jaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak