Aloñak eta Mondrak galdu etxetik kanpo

Julen Iriondo 2010ko urr. 3a, 14:52
Oñatiarrek ordu erdi bikaina jokatu eta bost minutu txarretan galdu zuten partidua, euren aukerak alferrik galdu ostean. 2 eta 0 irabazi zuen Anaitasunak. Mondra, berriz, aurretik jarri zen Real Unionen zelaian, baina abantailak ez zion iraun, eta joko eskasarekin esku hutsik itzuli zen Irundik. 3 eta 1 irabazi zuten hangoek.

Partidu parekatua jokatu zuten zapatuan Azkoitian Anaitasunak eta Aloña Mendik. Tamalez, ordu erdi bikaina jokatu ostean, bost minutu txarretan joan zitzaien lehia eskuetatik oñatiarrei. Bi gol jaso eta ezin izan zioten emaitzari buelta eman.
Aloña Mendik izan zituen gola egiteko aukerak. Pablo Diezen mutilena izan zen partiduko aurrenekoa, lehenengo minutuan, baina Roberto Idigorasek ez zuen asmatu, Anaitasunaren atezainaren aurrean bakarrik zela. Beste pare bat aukera on ere izan zituzten Oñatikoek, baina azkoitiarrak izan ziren asmatu zutenak aurreneko zatia azken txanpan sartzen ari zela. Lehenengo golean jokaldi ona egin zuten Anaitasunakoek; Aloñako atzelariei bizkarra ondo harrapatu eta aurretik jarri ziren markagailuan. Bigarren golean, berriz, Oñatikoen hutsegiteak eta Azkoitikoen zorteak bat egin zuten, eta eskuin hegaletik egindako erdiraketa zuzenean sartu zen Aloñaren ate barrura.
Bigarren zatian ere jokoan agindu egin zuten Diezen mutilek, aukera on pare bat izan zituzten, baina ez ziren markagailua aldatzeko gai izan.

Oñatiarrei gertatutakoaren antzerako zerbait pasatu zitzaion Mondrari ere Real Unionen zelaian. Mondra, gainera, aurretik ere jarri zen Irunen, lehenengo zatia erdialdera iristen ari zela Ekainek Muruaren errematearen aldaratzea jaso eta baloia saretara bidalita.
Baina denboraldi honetan gehiagotan ere gertatu zaion bezala, gola egin eta berehala jaso egin zuen beste bat Mondrak; eta atsedenaldira iristear bigarrena ere bai, biak oso antzerako moduan, ezker hegaletik egindako erdiraketak errematatuta.
Real Unionek bigarren zatia hasi eta gutxira egin zuen azken 3 eta 1ekoa, eta hortxe amaitu zen partidua. Arrasatearren entrenatzaile Iban Rodriguezen esanetan, taldeak nahikotxo egin du hobera jarrerari eta inplikaziori dagokienez, baina jokoan gauza asko ditu hobetzeko.
Mondraren jokoak oraindik argi gutxitxo duela esan daiteke, eta honek izan dezake zerikusia partiduak prestatzeko Arrasatekoek dituzten zailtasunekin. Mojategiko argindar kableen lapurreta dela-eta, ganoraz entrenatu ezinda ari dira, eta egoera luzatzen ari da gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak