Aloña da preferenteko liderra, Mundarrori 4-0 irabazi eta gero

Xabier Urtzelai 2009ko urt. 25a, 23:30
Ezohiko jardunaldian, Aloñak ez du lehenengo postura salto egiteko aukera alperrik galdu. Kontrario zuzenak diren Aretxabaletak eta Hondarribiak ezin izan zuten zapatuan jokatu, denboralea tarteko partiduak bertan behera utzi zituztelako. Mondrak zapatuan beharrean gaur, domeka, jokatu du Tolosaren kontra, eta markagailuan aurrea hartu badute ere, Tolosak 2-3 irabazi du.

Aloñari dagokionez, hasierako nagitasunak gainetik uxatutakoan hasi dira erakusten Azkoagainen aspaldian nork agintzen duen. Bazirudien Idigorasek aurrean arratsalde iluna izan behar zuela, bi gol aukera garbi izanda ere ez duelako asmatzerik izan. Baina dabilenak saria jasotzen du gehienetan, eta Idigorasek hirugarrenean ez du barkatu: eskuin hegalean baloia jaso, jokaldia egin eta jaurtiketa ederra barrura (1-0). Ez da Oñatiko aurrelariaren gol bakarra izan, 'hat trick'-a egin du-eta. Laugarren gola Asier Ugartek egin du, jokoz kanpo zegoenean, nabarmen gainera. Baina Aloñak ez du oparien beharrik izan, Zubiaren taldeak Mundarro goitik behera menderatu dutelako.

Mondrak galdu

Lehenengo zatian joko ona baino golak izan dira, 2-2 erretiratu dira-eta aldagelara. Mondra aurreratu da markagailuan, Muruak egindako golari esker (25.min), baina Tolosak minutu bakarra behar izan du erantzuteko, Azpirozen bitartez (1-1). Behin atera asmatuta jokalari horrek gola egiteari gustua hartu eta 10 minutu geroago Tolosaren bigarrena egin du Azpirozek (1-2). Lehen zatia amaitu aurretik, baina, ezker hegaletik egindako jokaldi ederretik baloia jasota, Herizek binakoa egin du. Bigarren zatian bi taldeek hobeto jardun dute, nahiz eta ate aurrean horren punteria ona ez izan. 78. minutuan Tolosako Blanco hirugarren gola egiteko gauza izan da, eta Mondrak ezin izan dio horri erantzun.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak