Alokairuan emango du etxebizitza Jaurlaritzak

Jasone Zabala 2009ko otsailaren 6a

Hipotekak ordaintzeko arazoak dituzten herritarrak lagunduko dituztela iragarri du Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta "beraiek sortutako krisian" erantzukizuna har dezaten eskatu die bankuei. Datorren astelehenetik aurrera prest egongo dira laguntza horiek eskatzeko eskaera orriak. Eskaerak etxebizitzen lurralde ordezkaritzan jaso daitezke edo www.etxebide.info webgunean sartuta. Onuradunak ondorengoak izango dira: langabezian hiru hilabete baino gehiago egin eta azken urtean 22.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak izan dituzten herritarrak, beti ere pisuko salneurriak 275.000 euroak gainditzen ez baditu.

 

Jaurlaritzak erosi

Etxebizitza librean, hipotekei aurre egin ezin dezaketen herritarrei etxeak erosteko prest dago Eusko Jaurlaritza eta alokairuan uzteko, baina berriz erosteko aukerarekin. Jaurlaritzak  ordainduko luke etxe babestu batengatik ordainduko litzatekeen salneurria eta hipoteka bertan behera utziz, jabe ohiei etorkizunean etxea berriz erosteko aukera izango lukete.
Madrazo Etxebizitza sailburuak adierazi du kasu batzuetan hipoteken %20 kentzea eskatuko zaiela bankuei. Baina hipoteka-betearazpen edo utziarazpenera helduz gero, Etxebizitza Sailak pertsona horiei  Biziguneko etxebizitzak utziko lizkieke, gehienez ere 12 hilabetez, baina beste 12 hilabete ere luzatu daiteke. Neurri horren helburua da kale gorrian etxe barik inor ez geratzea. Alokairua, hasiera batean, 450 euro izango litzateke, 12 edo, gehienez, 24  hilabetean. Momentu horretatik aurrera, eguneratutako errenta osoa ordaindu beharko lukete onuradunek.

Banketxeen laguntza

Jaurlaritzak, finanatza erakundeei egindako eskaeraren harira, Euskadiko Kutxako zuzendari nagusi Elias Atutxak adierazi du  Jaurlaritzarekin elkarrizketak aurreratuta daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak