Alertan, gaur eta bihar

Ubane Madera 2010ko eka. 15a, 10:42
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak gaurko alerta horia ezarri du, eta eguaztenerako, berriz, alerta laranja. Euriarengatik ezarri dituzte alertok. Gaurko espero dute metro karratuko 60 litro ur jasotzea, eta bihar, berriz, 80 litro. Errepidean arreta handiarekin ibiltzeko gomendatu du Herrizaingo Sailak.

Euskalmeten arabera, gaur metro karratuko 60 litro jasotzea espero dute. Horrez gainera, eguraldi petrala izango dugu, izan ere, zaparrada txikiak eta ertainak botako ditu eta trumoi-ekaitzak izango dira.

Bihar, berriz, metro karratuko 80 litro ur espero dituzte. Biharko kasuan zaparradak indartsuak izan daitezke eta egunean zehar etengabe egin dezake euria eta ekaitz zakarrak izateko arriskua ere aurreikusita dago.
 
Udazkeneko eguraldi honen arrazoiak dira batetik, haize hotza dakarren aire-masa guregana iritsi dela, eta horrek ezegonkortasuna eragingo duela. Bestetik, Mediterraneoan kokatu den depresio batek hezetasuna ekarriko duela biharko. Eta azkenik, itsasotik etorriko zaigun ipar haizeak hezetasun handiagoa ekarriko digula. 

Argiak eta segurtasuna

Egoera ikusita, Herrizaingo Sailak hainbat gomendio bidali ditu datozen egunotarako. Esaterako, errepidean ibiltzeko, kontuan hartuta euri zaparrada indartsuak izango direla, gomendatzen dute argi laburrak, edo beharrezkoa bada, lainoetako argiak erabiltzea, ikuspena nabarmen gutxitzen delako.

Abiadura gutxitzeko eta gogor ez frenatzeko gomendioa ere egin du, baita aurreko ibilgailuarekiko distantzia nabarmen handitzeko ere. Ur puztu handiak daudenean, berriz, abiadura moteltzeko eta putzua pasatu ostean frenoak ondo dabiltzan egiaztatzeko gomendatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak