Aldundiari lau milioitik gora zor dizkiote Debagoieneko udalek

Iker Barandiaran 2009ko otsailaren 15a

Gipuzkoako udalek 54,3 milioi euro itzuli beharko dizkiote Aldundiaren Udaletarako Finantza Fondoari. Horren arrazoia da 2008ko zerga-bilketa aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela.

Horren ondorioz, Aldundiak udalei egingo dien ekarpena 404,4 milioikoa izango da; eta ez hasieran aurreikusitako 458,74 milioikoa, hain zuzen ere. Hala, %11,84ko jaitsiera izan du ekarpen horrek.

Egubakoitzean Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Ogasun diputatu Pello Gonzalezek azaldu zuten 2007rekin alderatuta 2008ko zergen likidazioa %7,6 txikiagoa izan zela. Hala ere, BEZari egin dizkioten egokitzapenekin %5,46koa izango da jaitsiera. 

Dirua itzultzeko, bi urte

Hortaz, aurretik Aldundiak aurreratutako diruaren zati bat itzuli beharko dute udalek. Are gehiago, urrian Aldundiak udalei ohartarazi zien 37 bat milioi itzuli behar izango zituztela, baina, azkenean, kopurua askoz handiagoa da.
Horrekin batera, egubakoitzean, diputatuen batzarrak erabaki zuen udalek itzulketa egiteko bi urte izatea, eta kopuru horri inongo interesik ez gehitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak