Hiru lanak bata bestearen atzetik egingo direla azaldu dute. Guztira, 23.000 tona aglomeratu baino gehiago erabiliko dira 2009an asfalto zoladura konpontzen edo berritzen Bergarako saihesbidean, Arrasate-Aretxabaleta saihesbidean eta Arlaban mendatean. Lanak urratsez urrats hurrengo hilabeteetan egingo dira:
Bergarako saihesbidea
Lan horietako lehena, Bergarako saihesbideko 42,360 k.p.tik 46,100 k.p.ra bitartekoa, orain dela hilabete batzuk hasi ziren, 2008an, eta aurki amaitzekotan da, Aste Santurako.
Bi milioi euroko aurrekontua duten lan horietan 8.000 tona aglomeratu berri zabaldu ziren, 4 kilometroko tartean. Zorua erabat berritzeaz gain, bi zubiren eta azpiko bi pasabideren euste sistemak ere egokituko dira. Era berean, hormigoizko arekaren 1,50 metro zabaleko zortzi zati egingo dira, guztira 2,8 kilometro luze, eta hormigoizko arekaren beste zati txikiago batzuk ere bai.
Arlaban mendatea
Bergarako saihesbideko lanak amaitu eta gero, Aste Santuaren ondoren, Arlabangoei ekingo zaie. GI-627 errepideko 19,00 k.p.tik 27,00 k.p.ra doan zatian, hau da, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga hartzen dituen Arlaban mendatean zuloak berotan estaltzeko kanpaina egiteko asmoa dago, asfaltozko zoladura hondatuta edo higatuta duten uneak konpontzeko. Guztira, betun nahasketa beroko 1.300 tona zabalduko dira, zuloak estaltzeko barne, Urola eta Deba zonaldeko errepide sare oinarrizko eta nagusiko errepideetan, tartean direla N-634 eta GI-632 errepideak.
Arrasate eta Aretxabaletako saihesbidea
GI-627 errepidean egingo diren asfalto berritzeko lanetan garrantzitsuena Arrasate-Aretxabaletako saihesbidean egingo da, 30,000 eta 36,900 k.p.en arteko ia zazpi kilometroko tartean. Lan horiek egiteko aurrekontua 3,8 milioi euro da, eta epea zortzi hilabete. Lanak lizitazio fasean daude eta uda hasi baino lehen hastea espero da.
Tarte horretan asfalto zorua berrituko da, 8 cm-ko sakoneran oraingo zoladura birziklatu eta ondoren 10 zentimetroko aglomeratuzko geruza berria zabalduta. Lan handi horretan 14.000 tona aglomeratu zabalduko direla aurreikusi da. Halaber, lau harri lubeta euskarri birgaituko dira, hurrenez hurren 36, 30, 20 eta 15 metroko luzera eta bi eta hiru metro arteko altuera dutenak. Hainbat zatitan arekak egin, 14 kutxeta eraiki eta segurtasuneko hesiak eta seinale horizontal berriak jarriko dira.