Aldundiak ibarrean konpostaje-planta egiteko konpromisoa hartu du

Arritxu Barruso 2008ko uztailaren 6a

Debagoienak bere konpostaje- planta propioa izango du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, hitzez, konpromiso hori hartu duela adierazi du Pedro Lasagabaster Mankomunitateko Ingurumen saileko buruak.

2016 urterako hondakinen %57 birziklatu edo konpost bihurtzea da Gipuzkoako Diputazioaren asmoa. Aurreikuspenen arabera Gipuzkoan 550.000 tona zabor sortuko da zortzi urte barru, eta helburua da horietatik 60.000 konpost bilakatzea.
Horretarako, Diputazioak hiru planta egiteko asmoa zuen hasiera batean: Azpeitian bat, Donostian beste bat, eta Goierrin hirugarrena. Hori horrela izango dela dirudi, baina, hiru horiez gain beste planta bat ere egingo dute, laugarren hau Debagoienean. Pedro Lasagabasterren arabera hainbat bilera izan dituzte azken asteotan Diputazioarekin, eta desadostasun batzuk egon diren arren, adostasunak ere lortu dituzte; Horietako bat da gure ibarrean konpostaje-planta bat eraikitzearena. Mankomunitateak materia organikoa bildu eta bereizten hasteko konpromiso serioa hartu duela azaldu du Lasagabasterrek.

 

Konpostaje-plantaren lekua ere nahiko zehaztuta daukate. Epelen edo Akein egongo litzateke, Kanpazar inguruan. "Gure lana lekua edo lurra jartzea litzateke. Guk lekua jarriz gero, Diputaziaren konpromisoa izan da eurak finantzatuko dutela konpostaje-planta" adierazi du Pedro Lasagabasterrek.

Konpostaren abantailak

Gipuzkoak arazo handia dauka zaborrak kudeatzeari dagokionean. Konpostajearekin, ordea, sortzen dugun zaborra erdira jaistea lortuko genuke, eta hori aurrera pausu garrantzitsua litzateke. "Inork ez du nahi bere aldamenean zabortegirik edo erraustegirik. Badirudi zaborra poltsan sartu eta edukiontzira botatzen dugunean zaborraren arazoa desagertu egiten dela. Baina denok dakigu beste eskualde batzuetan sekulako arazoak dituztela eta jende asko oso haserre dagoela" dio Lasagabasterreik. Bestalde, konpostaje-planta Debagoienean bertan egoteak, garraioan ere eragin zuzena izango luke. Garraioaren kostua ere gutxitu egingo litzateke-eta.
Mankomunitateko Ingurumen saileko buruak uste du, gainera, lekuan lekukoa kudeatu behar dela: "Hemen sortzen dugun zaborra, hemen kudeatu behar da, hori da logikoena".

Konpost garbia

Materia organikoa hemen bilakatuko litzateke konpost, eta asmoa da, gainera, konpost hori ibarrean bertan erabiltzea. Nekazaritzarako erabili ahal izatea  litzateke egokiena. Horretarako, baina konpost garbia lortu behar da. "Katalunia inguruan ibili gara beste planta batzuk bisitatzen. Han, konpost nahiko zikina lortzen dute eta obra zibiletarako erabiltzen dute. Gure asmoa konpost garbia lortzea da. Horretarako, ezinbestekoa da herritarren konpromisoa. Garrantzitsua da herritarrek bereizketa ongi egitea eta materia organikoarekin batera beste zaborrik ez botatzea".
Konpostaje-plantaren lekua ere nahiko zehaztuta daukate. Epelen edo Akein egongo litzateke, Kanpazar inguruan. "Gure lana lekua edo lurra jartzea litzateke. Guk lekua jarriz gero, Diputaziaren konpromisoa izan da eurak finantzatuko dutela konpostaje-planta" adierazi du Pedro Lasagabasterrek.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak