Alderdi politiko ezberdinen deklarazioak jaso ditugu

Arrasateraino gerturatu dira alderdi ezberdinetako politikariak hilketa gaitzetsi eta Carrascoren senitartekoei doluminak ematera. Hona hemen jaso ditugunak:

Juan Jose Ibarretxe, lehendakaria

Carrascoren senide, lagun eta alderdikideei doluminak eman dizkie lehendakariak. Hilketa gaitzetsi eta salatu du Ibarretxek eta biharko Eudelek egindako deialdian parte hartzeko eskatu du. Udaletxe eta instituzioen aurrean egingo dela kontzentrazioa 12:00etan adierazi du. ETAri Euskal Herriaren izena ez erabiltzeko eskatu dio.

Julia Monge (Zutik)

"Atentatu honek ez dauka zentzurik. Gizatasuna izan behar da oinarri eta gizatasunez jokatu behar da". Julia Mongek ez du balorazio politikorik egin, ez du ezer esan gobernua zein egoeran geratuko den.

Itziar Lamarain (PP)

"Baten bat hil behar zutela ikustekoa zen eta Carrascori tokatu zaio. Isaias pertsona ona eta langilea zen. Hiltzen jarraituko dute baina lanean jarraituko dugu". Gaineratu du "ez dakite beste ezer egiten, hil bakarrik eta horixe egin dute". Eta kalifikatzeko "kabroi" hitza erabili du.

Joxe Etxeberria (Aralar)

"Politika egin nahi duenari lekua utzi behar zaio. Tristea da langile bat hil izana".

Karmen Atxutegi (PSE-EE)

Karmen Atxutegi PSE-EEko zinegotziak Goiena Telebistari esan dio, eskolta gabe eta politikatik aldenduta zegoela Isaias Carrasco. Gaineratu du emazte eta alabaren aurrean tirokatu dutela. Ino Galparsoro alkateari osoko bilkura bat egiteko eskatu dio eta atentatua kondenatzeko. Alkatearen dimisioa ere eskatu du Atxutegik. Nabarmendu du Atxutegik atentatu egileen "gizatasun eza".

Lore Leanizbarrutia (EAJ)

Harri eta zur geratu dela esan du Lore Leanizbarrutiak. Bat egin du familiaz eta sozialistekin. "Domekan herriaren hitza entzun behar da eta ez da inor abstenitu behar".

Miguel Buen, Alderdi Sozialistaren Gipuzkoako hautagaia

Botoa emateko eskatu du Miguel Buenek. Nahi duten alderdiari demokratikoari baina botoa behin eta berriro eskatu du Buenek. Hunkituta eta negarrez azaldu da hedabideen aurrean.

Ander Rodriguez (EB)

"Isaias Carrascoren hilketa erabat gaitzesten dugu. Ni lau urtean egon nintzen harekin zinegotzi, eta erabat hunkituta nago. Sekulako sarraskia izan da, ez dago inolako motiborik ekintza hori justifikatzeko". Elkartasuna adierazi dio Rodriguezek Isaiasen familiari. Oso gogorra dela gertatutakoa esan du eta sentimendu politikoak pertsonalekin nahasten direla esan du. Gaineratu du ETAk gure gizartea ezin duela baldintzatu.

Pello Urizar (EA)

Hilketa gaitzetsi du. "Ez dauka izenik gertatutakoak. Langilea zen eta ez zen politikaria, langilea bakarrik. Ez dauka ez hanka ez bururik. Kolpe handia da sozialistendako".

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.