Aitor Zabaleta bergararra garaile Gatzagako igoeran

Goiatz Arana Begiristain 2010ko ira. 20a, 00:05
22 urteko atsedenaren ostean, indarberrituta itzuli da Gatzagako auto igoera. 46 pilotuk esku hartu dute –12 debagoiendarrek– eta ehunka lagunek jarraitu. Aitor Zabaleta izan da garaile; lau segundoko aldea atera dio Angela Vilariño bigarren sailkatuari.

Gasolina usaina, motor hotsa eta jendearen berotasuna izan zen zapatu arratsaldeko gidoia Gatzagako XIV. igoeran. 22 urte antolatu gabe zegoen igoera hau, eta lasterketaren itzulera arrakastatsua izan zen. Denetara 46 partaide irten ziren irteera puntutik, 12 debagoiendar, eta bik ez zituzten bi txandak amaitu.

 

Lasterketan denbora onena Aitor Zabaletak egin zuen, 00:02:41. Haren atzetik sartu zen Angela Vilariño lau segundo gehiagorekin. Podiumeko maila apalenera igo zen bestetik Pantxo Egozkue, Zabaletarengandik zazpi segundotara.

 

Lehen bi postuetan zeintzuk egon zitezkeen aurreikus zitekeen arren, Silver Car-en artean lehia estua egon zen, hirugarren postua lortzeko. Pantxo Egozkue, Alberto Alonso eta Aritz Egozkuek txanda bakoitzean ehuneneko aldeak besterik ez zituzten elkarren artean.

Ibilbide motza

22 urteko hutsunearen ondoren, erantzun ona izan du Gatzagako igoerak, eta antolatzaileak ere oso gustura agertu ziren lasterketa amaitutakoan. “Jendearen erantzuna oso ona izan da, bide bazterrean ikusle ugari baitzeuden” dio Xabier Oñederra antolatzaileak. “Eguraldiak ere lagundu digu, eta ez da nabarmentzeko istripurik egon” zehaztu du.

 

Hala ere, hasieran pentsatutakoa baino ibilbide laburragoa izan da Gatzagakoa. Gaztanaduitik Marulanda arteko errepidearen egoera eskasa zen, eta ibilgailu batzuentzako ez zen batere egokia. Eta horixe bera izan da pilotu gehienek erakutsi duten kexa.

 

Rafa Diazek 80 hamarkadan behin baino gehiagotan hartu zuen parte Gatzagako igoeran, eta “behetik irteten ginenean politagoa zen. Azkarragoa zen askoz ere, lautadako tarte guzti horretan bizi-bizi joateko aukera ematen baitzuen” oroitzen du.

Hala ere, pilotuek eta ikusleek gehiago gozatzeko aukera eduki dezaten, hurrengo urtean igoera Arlabanen egiteko asmoa daukate antolatzaileek. Zapatuko igoerak 2,6 kilometroko luzera baldin bazuen, Arlabanekoak 6,5 izango lituzke. “Edizio honetan ere hemen egin nahi genuen igoera, baina ez ditugu baimenak lortu” dio Oñederrak.

Errepidearen egoera

Errepidearen egoera ere hizpide zeukaten gidariek. “Igoera ederra dauka amaiera aldean”, dio Jose Migel Gabilondok. Manuel Evanjelistak dioenez, gaur egun errepidea askoz ere hobeto dago orain dela 22 urte baino. “Asko zabaldu dute bidea, eta asfaltoa ere askoz ere egokiagoa da”.

 

Hala ere, aurkako iritzidun gidariak ere bazeuden. Ruben Nogeirasen iritziz “ibilbideak zulo asko zeuzkan. Okerren zegoen zatia landa-turismoaren ondorengoa zen; apur bat arriskutsua ere bazegoen”. Aitor Zabaleta garaileak ere “asfalto kapa baten beharra” igarri dio errepideari “gure automobilentzako nekeza da egoera horietako bideetan ibiltzea”.

 

Antolatzaileen hitzetan, ostera, “errepidea ez zen erabat ondo egongo, baina gaizki ere ez zegoen”. Hortaz, hemen ere gustu guztietarako iritziak.

Lasterketako sailkapena

Aitor Zabaleta    00:02:41   

Angela Vilariño    00:02:45   

Pantxo Egozkue    00:02:48   

Alberto Alonso    00:02:49   

Aritz Egozkue    00:02:50   

Ruben Nogueiras    00:02:52   

Imanol Lakar    00:03:02

Aitor Ramirez    00:03:04

Joseph Duperou    00:03:09

Iñaki Alberdi    00:03:13

Iban Tarsicio    00:03:13

Asier Mugarza    00:03:17

Ion Etxeberria    00:03:18

David Ardions    00:03:19

Antonio Evanjelista    00:03:23

Ricardo Echave    00:03:24

Sergei Biteri    00:03:24

Andoni Mugarza    00:03:25

Jose Antonio Insausti    00:03:26

Imanol Oskoz    00:03:26

Jose Miguel Gabilondo    00:03:26

Joseba Garcia    00:03:28

Jose Mitxelena    00:03:30

Miguel Otegi    00:03:32

Asier Samiego    00:03:32

Robert Garcia    00:03:33

Ion Zalloetxeberria    00:03:35

Rafa Diaz    00:03:39

Egoitz Gorostiaga    00:03:41

David Zambrano    00:03:42

Iñaki Racamonte    00:03:42

Gorka Idigoras    00:03:45

Jesus de la Fuente    00:03:47

Oliver Lopez    00:03:49

Joseba Frutos    00:03:53

Sergio Porcel    00:03:57

Jose Mari Ubieta    00:04:03

Iker Bilbao    00:04:06

Amets Salvatierra    00:04:19

David Delgado    00:04:55

Gotzon Gonzalez    00:07:25

 

*Bi pilotu erretiratu egin ziren. Hasieran beste bi pilotuk izena emana bazuten ere, ez ziren irteeran egon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak