Ofizioka
Zortziko handiko ariketarekin ekin zioten bertsolariek, oro har, motel xamar. Alabari logelan telebista ipini ala ez eztabaidan aritu ziren Amaia Agirre eta Iker Zubeldia gurasoen paperean; Hodei Iruretagoiena eta Arkaitz Oiartzabal "Predictor"-ari begira zeuden bikote gazte modura ipini zituen Aizpuruk; Ainhoa Agirreazaldegik eta Iñaki Zelaiak, berriz, futbol kontuetan jardun zuten Reala eta Eibar aitzaki hartuta.Zortziko txikiko ofiziotako lanekin piztu zen pixka bat saioa. Izan ere, gaueko txandan lan egitetik etxera lotara joan zenean Ikerrek Hodei igeltseroa etxe azpiko espaloia zulatzen sumatu zuen. Mailu eta iltze hitz joko politak egin zituzten eta baita jendearen barre algarak eragin ere. Ainhoa kontzertu handi baterako sarrerak erostera joan eta ilaran denbora luzez egon ostean, Amaiak sarrerak agortu diren kartela ipini zuen bere txanda iritsita. Ainhoaren altuera txikia bertsotarako baliatu eta txoko bat egin zion azkenean Amaiak; sarkasmoari egoki erantzuten asmatu zuen Ainhoak. Umore ukituarekin jarraituz zortziko txikiko ariketako azkenak Arkaitz eta Iñaki izan ziren. Arkaitz anaia bisitatzera Argentinara abiatu eta Iñaki aireportuko guardiak zahatoa ez zion pasatzen utzi. Bidaia egin aurretik zahatoa hustuko zuela esan zion lehenengo eta bueltan batuko zuela zahatoa; guardiak erantzun zion ea itzuliko zen seguru ote zegoen.
Puntuak eta hitza
Bina punturi erantzun behar izan zieten bertsolariek banan-banan eta hitza emanda gehienez bost puntuko bertsoa osatu gero. Puntu erantzun polit batzuk joan ziren eta hitza emanda aipatzekoa Amaia Agirrek kolonia hitzari botatakoa. Kolonia eta bertsoa parekatuz honela amaitu zuen bertsoa: "Behin bota eta luze irautea da bertsoan esentzia".Hamarreko txikian ere bertso politak bota zituen Amaia Agirrek. Bi emakume politikariren paperean ipini zituen Agirre eta "Xamoa" gai jartzaileak; bata, Amaia, karguari heltzeko gertu eta bestea, Xamoa, ordea, ez. Iker Zubeldia eta Iñaki Zelaia bikotekideari adarrak jarri dizkioten bi lagunen paperean ipini zituen Egoitz Aizpuruk; Ikerrek lo lasai egin zuela eta Iñakik ez, esan zien. Zubeldiak berezkoa zuen umorea baliatu eta ateraldi politak egin zitun. Ainhoa Agirreazaldegik eta Hodei Iruretagoienak tonu serioagoan jardun zuten. Portalean eskale bat aurkitu eta Ainhoak bota egin nahi zuen eta Hodeik ez. Ainhoak arrazoi politak bota zizkion bertan mantentzeko gertu zegoen Hodeiri, eta bertsoaldia amaitu zuen esanez, berak har zezala bere etxean.
Kartzela
Saioa borobiltzeko kartzelako lana etorri zen eta honakoa izan zen gaia: "Etxeko balkoian zaude. Baliteke hemen zauden azken aldia izatea". Bere buruz beste egiteko zorian zeudenen paperean jarri ziren Amaia Agirre eta Ainhoa Agirreazaldegi; Hiesak jota bata eta minbiziak jota bestea. Bertso hunkigarriekin entzuleengana iristen jakin zuten eta eurek borobildu zituzten kartzelan alerik politenak. Hunkigarriak izan dira "Xamoa"-k bere buruaz beste egin zuen alaba gogoan hartuz bota zituen bertsoak ere. Zelaiak egoera berean emaztea galdu zuenaren tokitik abestu zuen eta lan txukuna bete zuen honek ere.Lan puntuagarria bete eta agurrak bota ostean, eman zuten puntuazioaren berri:
- Amaia Agirre 493 puntu
- Iker Zubeldia 476 puntu
- Iñaki Zelaia 476 puntu
- Ainhoa Agirreazaldegi 474,5 puntu
- Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" 469 puntu
- Hodei Iruretagoiena 428 puntu
Eibarko saioaren ostean, Ainhoa Agirreazaldegi gustura zegoen egindako lanarekin eta saioan barrena ere gustura jardun duela esan zigun; are gusturago domekan jakin Zumaiko saioaren ostean jakin zuenean aurrera egingo duela.