Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria, txapelketaren atarian

Edu Mendibil 2009ko urr. 8a, 19:27
Martxan da dagoeneko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Zapatuan, Leitzan jokatuko da bigarren final-laurdena eta Ainhoa Agirreazaldegi izango da bertan. Leitzan garaile izango balitz, azaroaren 7an Bergaran jokatuko den final erdian kantatuko luke Agirreazaldegik.

Elgetarra sortzez, gaur egun Zarautzen bizi da Agirreazaldegi eta hantxe hasi zen gertatzen txapelketa, uda aurretik. Euskal Filologian eta Alemaniar Filologian lizentziaduna da eta gaur egun helduen euskara irakaslea da, Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Txapelketari begira ilusioz eta gogoz dagoela diosku, urduritasun puntu batekin ere bai: "Saiatu naiz beste gauza batzuekin despistatzen egun hauetan; azken baten, azkeneko egunetan ezer gutxi egin daiteke... Egin beharreko lana egina dago".

Zapatuan, Leitzako kiroldegian egingo du debuta Agirreazaldegik. Saioa 17:30ean hasiko da eta harekin batera Iñigo Olaetxea, Iñigo Manzisidor Mantxi, Ibon Ajuria, Xabier Sukia eta Etxahun Lekuek jardungo dute. Puntuaziorik onena lortzen duenak zuzenean egingo du aurrera eta gainerako onenek puntuazioaren arabera lor dezakete final-erdietararako txartela. 

Bigarren aldiz

Agirreazaldegik behin bakarrik hartu du parte Euskal Herriko txapelketan, orain dela zortzi urte. Orduan saio bakarra egin zuen, final-laurdenetakoa. Emaitza hura hobetzea eta bere buruarekin gustura egotea da helburua: "Zera lortu nahi nuke: publikoarengana iristea nire buruarekin koherentea izanda. Adinean gora joan ahala, edukian zentratzeko beharra ikusten dut, lehenago teknikari garrantzi handiagoa ematen nion-eta... Ikusi behar zer-nolako lana egiten dudan Leitzan. Nire buruarekin gustura egotea da nire asmoa, edo horretara hurbiltzea, behintzat...". Esperientzia luzea du Agirreazaldegik bertsolaritzan: 31 urte ditu eta gaztetxotan, 9 urterekin, hasi zen Bergarako Bertso Eskolan. 

Txapelketaren prestatzeari dagokionez, esan bezala, uda aurretik ekin zion espresuki txapelketa gertatzeari: "Alde batetik, prestaketa iraunkorra dago, urtetan egindakoa; eta bestetik, txapelketari begira egindakoa: uda aurretik hasi ginen biltzen Zarautz aldean bizi garen bertsolariok, Mantxi, Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi eta laurok. Geroago, Xabier Sukia, Beñat Gaztelumendi eta Unai Muñoa gehitu ziren. Batez ere, komentarioetan zentratutako saioak egin ditugu, astean bitan azkenaldian; zer igartzen genuen faltan besteen bertsoetan, zer gehituko genukeen...".

 

Lierni Altuna, Gasteizko saioan aurkezle

Ainhoa Agirreazaldegirekin batera, Lierni Altuna da Debagoieneko beste ordezkaria Euskal Herriko txapelketan. Gai-jartzaile jardungo du aramaioarrak. Lierni Altunak Filosofia ikasketak egin zituen eta gaur egun Antropologia ikasten dihardu. Ogibidez irakaslea da eta Arabako Bertsozale Elkarteko komunikazio arduraduna da. Era berean, Aramaioko eta Arrasateko bertso-eskoletako kidea eta irakaslea da. Arabako txapelketan hasieratik izan da gai-jartzaile taldekoa eta Euskal Herriko txapelketan lehen aldiz jardungo du; hain zuzen ere, azaroaren 8an Gasteizen izango den saioko aurkezlea izango da.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BECen jokatuko da, abenduaren 13an. Andoni Egaña txapeldunak finalerdietako zazpi bertsolari onenak izango ditu zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak