AHTri alegazioak aurkezteko epea abuztuan zabaltzea salatu dute EAEko hamar alkatek

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 3a, 15:56
Abiadura Handiko Trena bultzatzen ari diren arduradun politikoen jarrera salatzeko agerraldia egin dute Arrasateko Kultura Etxea Eusko Abertzale Ekintzako hamar alkatek. Beste behin bi administrazioak maltzurkeriaz jokatzen ari direla salatu dute alegazioak aurkezteko epea abuztuan zabaldu baitute.

Arrasate, Eskoriatza, Aramaio, Antzuola, Leintz-Gatzaga, Angiozar, Elorrio, Atxondo, Izurtza eta Urretxuko alkateek bat egin dute AHTaren proiektua dela-eta Fomento Ministerioak hartutako azken erabakia salatzeko. Udal horiei Fomento Ministerioak orain jakinarazi die berehala irekiko dela proiektuaren gauzapenerako ondasunen okupazio beharrak zehazten dituzten txostenen aurrean alegazioak egiteko epea. Hamar alkateak ziur daude alegazioak egiteko epea ez dutela kasualitatez sasoi honetan aukeratu. Eusko Jaurlaritza eta Fomento Ministerioa maltzurkeriaz jokatzen ari direla salatu dute.
"Abuztuan, oporren erdi-erdian, Udaletxeak hutsik daudenean, lurjabeak oporretan joan direnean eta itxita daudenean alegazioak egiteko beharrezkoak diren abokatu, ingeniari, geologo eta bestelako teknikarien bulegoak", esan du agerraldian Aramaioko alkate Asier Agirrek. "Honela ulertzen al dute Fomento Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak kaltetuek entzunak izateko duten eskubidea? Zer deritzo honi Nuria Lopez de Gereñu andreak?", jarraitu du.


Epea luzatzeko eskaera

Arrasate-Elorrio eta Abadiño-Durango-Zornotza eta Zaratamoko zatietan kaltetutako herritarrek egin beharko dituzte alegazioak uda sasoian. EAE-ANV-ko hamar alkateek esan dute proiektuaren bultzatzaileek beldurra dietela kaltetuek egin ditzaketen alegazio tekniko eta legalei. Alkateek euren laguntza eskaini diete herritarrei eta bi administrazioei exijitu diete alegazioak aurkezteko epe hori luzatzeko. "Ordezkatzen ditugun herrietako milaka eta milaka herritarren izenean, Fomento Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu alegazioak egiteko epea luzatu dezatela, kaltetuek aukera izan dezaten AHTren inposaketaren aurrean defendatzeko", eskatu du Agirrek. "Era berean, jakinarazten diegu herritarrei Udalak, ahal den neurrian, behar duten laguntza emateko prest dituztela alegazioak egiteko".

Maltzurkeria salatu dute
Arrasaten elkartutako EAE-ANVko hamar alkateek Fomento Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera maltzurra salatu dute. "Auzi honetan hartu duten jarrera maltzurraren azken adibidea da honakoa", esan dute. "Ez dute proiektuaren gaineko eztabaida serio eta sakonik egiterik nahi, kaltetuei informazioa galarazten diete eta trabak jartzen dituzte alegazioak egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak