AHT Gelditu Elkarlana AHTren kontrako erreferente bilakatu dela azaldu zuten, eta herri gehienetan taldeak eratu direla: "Herri galdeketek ere kontzientziazioa handitu dute eta mobilizazioak are eta jendetsuagoak dira; bide onean gabiltzanaren seinale".
Iparraldeko taldeekin ere harremanak indartu dituzte eta ekimen bateratuak egiteko asmoa dutela jakinarazi zuten.
Hala ere, onartu zuten Elkarlanaren premia nagusiena dela tren horren kontra dagoen "gehiengo sozial hori artikulatzea eta aktibatzea".
Herriari hitza eman
Elkarlaneko kideek, baita ere, azpimarratu gura izan zuten krisiak agerian utzi duela "eredu ekonomikoaren porrota" eta herritarren premiak beste batzuk direnean "zentzubakotzat" jo zuten azpiegitura erraldoi hori egitea. Horrez gain, uste dute "euskal herritarrek onartuta" dutela herriari hitza eman behar zaiola; hortaz, eskubide hori praktikan jartzeko galdeketa egiteko eskatzen dute.
Bestalde, nabarmendu zuten erakunde publikoek proiektuaren bideragarritasuna aztertu beharrean, "eztabaida ezkutatu" gura izan dutela AHT Bai edo Ez, ETA Bai edo Ez bihurtu guran. Hori salatzeaz gain, gogoratu zuten eurek desobedientzia baketsua egiten dutela.
Batzarra bukatu ostean, giza-katea egin zuten Arrasateko erdigunean zehar.