AHTk kaltetutako guztiei eta interesa dutenei batzarrera dei egiten diete biharko

Leire Kortabarria 2008ko urt. 18a, 14:08
Abiadura Handiko Trenak kaltetutako guztiei dei egiten die AHTren Aurkako Udal Sareko Debagoieneko udal kideek bihar, zapatua, egingo duten batzarrera. Bilkura Arrasaten izango da, Kulturaten, 10:00etan. Kaltetuak ez ezik, interesa duen beste edozeinek joateko aukera dauka, batzar irekia da-eta.

Han, Debagoieneko udal edo auzo kaltetuetako –Eskoriatza, Aramaio, Arrasate, Leintz Gatzaga, Antzuola, Bergara eta Angiozar– ordezkari bana, abokatu bat eta teknikari bat egongo dira. Abokatuak oraingo egoera zein den argituko die, eta baita euren egoera legala ere, kaltetu moduan; gero, teknikariak ze kalte mota egongo diren azalduko du. Bukatzeko, alkate batek esango die Udalek ze informazio edo aholkularitza zerbitzu eman diezaiekeen, eta, 12:00etan, nazio osorako prentsaurrekoa egingo dute, eta AHTren ibilbidea azalduko dute.

Batzar horren berezitasuna da kaltetu guzti-guztiei egiten dietela dei, eta antolatzaileek azpimarratu nahi dute kaltetuak ez direla bakarrik AHT egiteko lurrak desjabetu dizkieten bizilagunak, baizik eta talde horretan sartzen dira ere beste asko; kontuan hartu behar da, izan ere, trenaren ibilbidearen bi aldeetara zortasun eremuak egongo direla, hau da, trenak modu batera edo bestera funtzionatzeko behar izango dituen lurrak, eta horien jabeak ere kaltetuak direla. AHTren Aurkako Udal Sareko kide Asier Agirrek, Aramaioko alkateak, azaltzen duenez, "gutxienez, errailetatik 40 metro lur hartuko dituzte, eta, kasu batzuetan, 150 metrora ere iritsiko dira. Batez beste, 80-100 metro hartuko dituzte".

Horien guztien gaineko argibideak eman nahi dizkiete kaltetu guztiei, eta, horregatik, gonbidapen berezia egiten diete batzar ireki horretara joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak