AHT ren aurkako protestaldia egin dute Arrasaten

Jasone Zabala 2008ko uztailaren 20a

Egubakoitzean egindako elkarretaratzean, AHT egiteak suposatzen duen "txikizioa" salatu nahi izan zuten herriko plazan bildutakoek


Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrak Debagoienean hasi dira. Hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten egubakoitzean Arrasateko plazan.
Guztira 200 pertsona inguru elkartu ziren Obrak Gelditu! AHTrik ez! leloa zeraman pankartaren atzean.
AHTren aurkako kidea den Hilario Manzanedok obrak "isilean eta ezkutuan" hasi direla salatu du. Adierazi du, politikariek uste dutela munduko lur eta uren jabe direla, eta udako opor egun hauek erabiltzen ari direla AHTren lanetan aurrera pausuak ematen joateko, inguruko lurrei izugarrizko kalteak eginaz. Gaineratu du, nahiz eta makina bat edo bi izan inguruko lurretan sartu direnak AHT egiteko lanekin hasteko, dagoeneko astebete edo hamar egunetan naturari egin ari diren kaltea ikaragarria dela eta erraztasun askorekin doazela lanak hauek aurrera.
Elkarretaratzearen ondoren, azpiegitura horren lanen gaineko bilera informatiboa egin zuten gaztetxean, eta bertan 70 lagun inguru bildu ziren. Bertan, AHTren lanak salatzen jarraitzeko eman beharreko hurrengo pausuak zeintzuk diren egon ziren aztertzen, eta horri begira Debagoien mailan indarrak bildu eta "egiten ari diren txikizioa" salatzen jarraitzeko.

Datozen egunetako ekintzak

Gaztetxean norberaren proposamenak mahai gainean jarri ostean, datorren bi asteren buruan beste protesta ekintza bat egingo dutela adierazi digu Manzanedok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak