AHT: Induspeko tuneleko bi aldeek bat egin dute [argazkiak barruan]

Goiena 2010ko ira. 1a, 17:05
Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan urrats berri bat eman dute gaur Debagoienean: Eskoriatza eta Aramaio arteko Induspeko tuneleko bi aldeek bat egin dute, amaitu dute tunela zulatzen. Iñaki Arriola Garraio sailburuaren hitzetan, harro egoteko modukoa da hori. Arriolarekin batera Antonio Gonzalez Adifeko presidentea ere izan da ekitaldian. Esan du 2016rako amaituko dituztela guztiz Abiadura Handiko Trena egiteko lanak.

5,6 kilometro luze izango da Eskoriatza eta Aramaio arteko tarte osoa eta lur azpitik joango dira 2/3, 3,50 kilometro pasa, hain justu ere. 

'EAEko hiriburuen arteko lotura hobetuko du AHTk'

Iñaki Arriola Garraio sailburuak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen arteko lotura dezente hobetuko da AHTri eskeri. Gasteiz eta Bilbo arteko ibilbidea 28 minututan egin ahal izango da, esaterako; Gasteiz eta Donostia artekoa, berriz, 34 minututan; eta, Bilbo eta Donostia artekoa, azkenik, 38tan. Horrez gainera, adierazi du Frantzia eta Europako herrialdeekin murriztu egingo direla distantziak, gizarte eta kultura harremanak eta alderdi ekonomikoa hobetzea ahalbidetuz. 
 

Tartearen %40 tunela egiten

Induspeko tunelak tarte osoaren aurrekontuaren %40 suposatzen du: 32 milioi euro, hain zuzen. Oraindik ere trenbidea egokitzea eta hari dagokion seinaleztapena jartzea falta da. Garraio sailburuak adierazi du harro egoteko moduko ospakizuna dela gaurkoa.  

2016rako bukatuta

Debagoienera egindako bisitan, Iñaki Arriolak aurreratu du urrian eta abenduan AHTren beste zati batzuetan lanean hasiko direla. Modu horretan, hamaika tokitan lanean dabiltzala amaituko dute urtea bere esanetan.  

Aramaion izan da baita ere Antonio Gonzalez Adifeko presidentea eta aurreikuspenak betetzeko itxaropena agertu du, hala, 2016rako amaituko dituzte guztiz Abiadura Handiko Trena egiteko lanak bere hitzetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak