AHT igaroko den herrietako udalekin batuko da Jaurlaritza

Aintzane Irizar 2007ko urr. 31a, 13:02
Lopez de Gereñuk iragarri du 2008. urte hasieran ekingo dietela AHTren Gipuzkoako zatiko lanei, Itsasondo eta Ordizia artean.

Lakuako Garraio eta Obra Publikoen sailburu Nuria Lopez de Gereñuk zapatuan egin zuen agerraldia Donostian. Hantxe iragarri zuenez, 2008. urte hasieran ekingo diote Abiadura Handiko Trenaren Gipuzkoako lehenengo zatia eraikitzeari, Itsasondo eta Ordizia arteko zatia, hain zuzen ere. Zati horrek izango du 2.860 metroko luzera –horietatik 2.814 metro tuneletan– eta 60.290.000 euroko aurrekontua.

Hamalau UTE (aldi baterako enpresa elkarteak) aurkeztu dira lanok egiteko eta azaroan edo abenduan esleituko dizkiote horietakoren bati lanak egiteko ardura. Behin lanak hasita, 31 hilabeteko epea (bi urte eta zazpi hilabete) izango dute enpresek lanak amaitzeko.

Udalekin batzarrak

Lopez de Gereñuk azpimarratu zuen erakundeen artean harreman handia egon dela AHTren proiektuaren gainean informazioa zabaltzeko. Horrekin lotuta, adierazi zuen Abiadura Handiko Trena igaroko den Gipuzkoako herrietako alkateekin datozen asteetan elkartuko direla eta batzar horietan informazio zuzena eta zabala emango zaiela alkateei; gaineratu zuen AHTren lanek ahalik eta eragin txikiena izateko elkarlana bultzatuko duela Jaurlaritzak.

AHTren aurkako manifestazioa Arrasaten

AHT Gelditu! Elkarlana taldeak Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazio nazionala antolatu du abenduaren 15erako, Arrasaten, Inposiziorik ez! AHT gelditu! lelopean. Martitzenean egin zuten horren berri emateko prentsaurrekoa Bilbon. Bestalde, azaroaren 22an agintari politikoen aurrean egingo dituzte kale bilkurak eta azaroaren 29an enpresa eraikitzaileen egoitzen aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak