Ahotsak.com: ahozko ondarea katalogatu eta hedatzeko tresna

Mirian Biteri 2008ko apirilaren 16a

Gaur, eguena, aurkeztu dute Donostian Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren webgunea: Ahotsak.com. Herri bakoitzeko hizkera eta ahozko ondarea katalogatu eta hedatzea bilatzen du horrek. Debagoienean urteak daramatzate materiala biltzen eta beraz, horren gaineko dokumentazio asko aurki daiteke webgunean.

Orain arte 62 herritan izan dira egitasmoaren bultzatzaileak elkarrizketatuak bilatzen. Tartean, Debagoieneko herri guztiak. Dagoeneko mila bat euskaldunekin izan dira. Horietatik 388 debagoiendarrak dira.

Adinekoen elkarrizketak

Euskal Herriko Ahotsak Deba ibarreko Badihardugu euskara elkartearen proiektua da. Esan bezala, Euskal Herriko adineko euskaldunak elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso eta Internet bidez zabaltzea du helburu.

Egitasmo horrek urteak ditu. 2002an oinarriak zehaztu zituzten eta ondorengo hiru urteetan, lehendik eginda zeuden elkarrizketa zaharrak lantzen eta grabazio berriak egiten ibili ziren. Ordutik hona Interneteko webgunea osatzen jardun dute bultzatzaileek.

Debagoienak, berezitasunak

Gainontzeko eskualdeekin alderatuta, Debagoienak hainbat berezitasun dituela aipatu du Ahotsakeko bultzatzaile Aintzane Agirrebeñak. Kooperatibismoak duen eragina aipatu du, besteak beste.

Orain arte material asko bildu badute ere, oraindik zeregina dagoela egiteke azpimarratu du.

Proiektu irekia

Bestalde, elkarrizketatuak topatzeko, herri bakoitzeko Udalarekin harremanetan jarri izan direla jakinarazi du Agirrebeñak. Horren harira, gogoratu du proiektu irekia dela eta beraz gura duenak parte har dezakeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak